Aretxabaletako eraikinen beheko solairuetan etxebizitza berriak baimentzeko ordenantza
Aurretiko kontsulta publikoa
Etxebizitzaren eskaintza-eskaeraren egoera larria da, bai herri mailan, bai lurralde mailan. Arrasate, adibidez, bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko bidean dago.
Aretxabaletan etxebizitza berriak egiteko aukerak oso txikiak dira, baina zonalde batzuetan, hutsik dauden eraikinen beheko solairuak erabiltzea aukera on bat izan daiteke.
Edozein kasutan, etxebizitzak egiteko aukera hori ezin da mehatxu berri bat izan gertuko merkataritza txikiarentzat. Izan ere, jarduera mota hori gero eta gehiago murrizten ari da joera globalen ondorioz (erosketa digitalak eta merkataritza-gune handiak) eta egungo merkatarien errelebo faltaren ondorioz.
Dena dela, gune batzuetan ez da inoiz jarduerarik jarri, arrazoi desberdinengatik: lokalaren kokapenagatik, altuera faltagatik, irisgarria ez izateagatik, etab. Kasu horiek dira etxebizitza berriak baimentzeko egokitzat jotzen direnak.
Horregatik guztiagatik, ordenantza honen helburua hurrengoa da:
- Merkataritza-jardueretarako egokiak ez diren beheko solairuetako lokalak identifikatzea eta horietan etxebizitza berriak baimentzea.
- Etxebizitza berri horiek bete behar dituzten baldintzak arautzea, egungo araudia kontuan izanda.
Ordenantza idatzi aurretik edozein ekarpen egin nahi duenak, urtarrilaren 23tik otsailaren 23ra bitartean egin dezake, bi bide hauetatik:
- hirigintza@aretxabaleta.eus helbidera e-posta bidalita
- Udal-erregistroaren bidez (on-line zein aurrez aurre).
