San Juan bezpera

San Juan bezperan, ekainaren 23an, hurrengo urtean Santa Ageda neska- mutil izango direnek altxatzen dute tantaia, herriko plazaren erdian

Duela urte batzuk, tantai hori makala izaten zen, inguruko baserriren batean lapurtutakoa, gaur egun, aldiz, pinua izaten da, eta udalak ordaindu egiten dio baserritarrari. Aipatutako tantai horrek bete behar duen baldintza bakarra, luzea, zuzena eta mehea izatea da.

Ohitura da, bestalde, tantaiaren puntan, aza, kipula eta berakatza jartzea, eta 1976az geroztik, ikurrina ere jartzen da ofizialki. Aipatzekoa da, baita ere, egun horretan, Santa Ageda neska-mutilek, gazta, ogia eta ardoa erosten dutela plazan dagoen jendeari eskaintzeko.

Tantaia zuloan sartu eta altxatzen dutenean, pixa egiten diote Santa Ageda mutilek, eta hor egoten da, bere horretan, San Pedro biharamunera arte, ekainaren 30era arte.