Udal ordenantza

 

SARRERA

Ordenantza hau, Erregimen Lokaleko Oinarrien arautzailea den Legeak, eta urriaren 29ko 6/1993 Euskal Autonomia Erkidegoko Legeak, Animalien babesari buruzkoak, azaroaren 15eko 444/1994 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko gune zoologikoen, baimen erregistro eta kontrolari buruzkoak, 101/2004 Dekretuak, ekainaren 1ekoak, Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzkoa, 44/2020 Dekretuak, martxoaren 24koak, Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko Dekretua aldatzen duena eta 2000ko irailaren 28ko Foru Aginduak, Gipuzkoako Lurralde Historikoan, hozka egiten duten animalien osasun-zaintza eta behaketaren prozedura arautzen duenak, eta aplikaziokoak diren gainontzeko xedapenek Udalari aitortzen dizkioten ahalmenen arabera diktatzen da.  

 

ESPOZIZIOEN AZALPENA

Ordenantza honek arautu nahi du:

a. era guztietako animaliak edukitzea, konpainiakoak nahiz bestelakoak, animalien eta pertsonen arteko elkarbizitza antolatuz, hartara gerta daitezkeen osasun-arriskuak, lasaitasuna, osasuna eta pertsona zein ondasunen segurtasuna zaindu asmoz.

b. era berean animaliekin izan beharreko gutxieneko arreta: tratua, garbitasuna eta elikadura, animalien babesa, erakusketa eta garraioa.

c.  azkenik,  artaketa eta zaintza neurriak finkatu nahi ditu, arau-urratzeak eta ezarri beharreko zigorrak tipifikatu eta zigortzeko prozedura exekutiboa ezarri.

 

I. TITULUA

 HELBURUAK, DEFINIZIOAK ETA EREMUA

I KAPITULUA.

 EZARPEN EREMUA ETA HELBURUA

 1. Artikulua.

 Ordenantza honen ezarpen-eremuak Aretxabaleta udalerriko esparru guztiak hartzen ditu.

 2. Artikulua.

Ordenantza honen xedea da udalerrian aurkitzen diren etxe-animaliak, hezitakoak eta basatiak babesteko, elkarbizitzeko, edukitzeko, erabiltzeko, erakusteko eta merkaturatzeko arauak jartzea, animaliak bertan zentsatuak edo erroldatuak egon ala ez, eta jabeak edo edukitzaileak edozein lekutan bizi.

Honetarako arreta minimoak ezartzen dira berauekiko tratu, higiene eta zaingoari, identifikazio eta babesari dagokionez, eta halaber establezimendu berezituetan egoteari,  izan beharreko osasun-arretari, eta haien merkaturatze eta salmentari buruzko arauak ezartzen ditu.

Ordenantza honen ezarpen – eremutik at geratzen dira beren arautegi propioa dutelako:

a. Ehiza.

b. Arrantza.

c. Basoko faunaren babesa eta kontserbazioa bere ingurune naturalean.

d. Zezenekin egindako festak.

e. Animalien erabilera ikerkuntza eta bestelako helburu zientifikoetarako.

f. Hegazti-tiroko lehiaketak.

g. Hainbat herri-kirol, elementu nagusia etxeko animaliak direnean.

II. KAPITULUA 

DEFINIZIOAK.

 3. Artikulua.

- Konpainiako animalia:

 Gizakiak mantentzen duen animalia, batez ere etxean, etxeko animalia zein basatia izan, eta jostatzeko, hezteko nahiz apaintzeko edota gordetzeko edo babesteko denean, inolako irabazi-asmoko jarduerarik gabe. 

- Ustiaketarako animalia:

Irabazi-asmoarekin gizakiak mantentzen dituen animaliak, irabaziak animalien ustiaketatik zuzenean nahiz hauengandik eskuratutako produkzioen ustiaketatik lortu.

- Animalia basatiak:

Naturan, era basatian bizi eta ugaltzen diren animaliak, edozein izanda ere beren izaera autoktono edo aloktonoa eta izan dezaketen aprobetxamendu zinegetikoa.

- Basa animalia gatibutzan:

Berez basatiak izanik gatibutzan jaio diren animaliak edo naturan libre jaio arren, gatibutzan dauden animaliak, hezteko helbururik gabe.

- Abandonatutako animalia:

Abandonatutako animaliatzat joko dira jabe edo helbide ezagunik ez dutenak, animaliaren datuak jakiteko sistemarik ez dutenak eta erroldan ez daudenak.

Era berean, abandonatutako animaliatzat joko dira ondorengo egoeretan daudenak: erroldan egon arren animaliaren jabeak ez badu arautegiak ezarritako epe barruan bere desagertzearen salaketa egin, edota bide publikoan jaberik gabe dabiltzanak.

-Baldintza berezi batzuk betez eduki beharreko animaliak:

Ordenantza honi dagokionez, eta segurtasun publikoari buruzko legerian xedaturikoa baztertu gabe, ondoko hau hartuko da “baldintza berezi batzuk betez eduki beharreko animalia” gisa: udal agintari eskudunek banaka halakotzat jo eta hala katalogaturiko txakurra. Horretarako irizpide objektibo batzuk hartuko dira kontuan, hala nola salaketarik jaso izana.

 

II. TITULUA 

ARAU OROKORRAK

III: KAPITULUA.

IZAERA OROKORREKO ARAUAK.

 4. Artikulua.

 Hasiera batean baimendu egiten da etxe partikularretan konpainiako etxeko animaliak edukitzea, baldin eta etxeak, bertako instalazioek eta animalien kopuruak zein animalien tamainak horretarako aukera ematen badute osasunaren eta garbitasunaren aldetik, eta ez baldin bada sortzen auzokideentzat, animalientzat edo beste edonorentzat arrisku-egoerarik edo eragozpenik.

Debekatua dago balkoietan, garajeetan, pabilioietan, sotoetan, azoteetan, lorategietan edota bestelako edozein lokaletan animaliak edukitzea edo ukuiluratzea, baldin eta animaliek auzokide zein oinezkoentzat molestiak sortzen badituzte beren usain, zikinkeria, ulu nahiz zaunkekin.

 Era berean debekatua geratzen da txakurrak edukitzea hiri lur hiritargarrian  dauden baratzeetan, baserrietako nahiz landa etxebizitzetako lur zatiak ez badira behintzat eta HAAetan horrela baimendutako txabolak.

 5. Artikulua.

 Debekatua dago herrigunean animaliak hazteko ustiategiak edukitzea, eta ezin izango dira ukuiluratu etxe partikular, terraza, azotea, ganbara, soto, trastetegi, bodega edota patioetan.

 6. Artikulua.

 Parke, zoologiko edo antzeko helburua duten bestelako lekuetatik kanpo basa animaliak izateko, indarrean dagoen legeria bete beharko da kasu bakoitzean eta jabea arduratuko da auzokideentzat arrisku edo eragozpenik ez sortzeaz. Horregatik debekatua egongo da animalia hauek solte lagatzea gune irekietan edo jendea dabilen lokaletan.

 7. Artikulua.

 Animalien jabeak edo edukitzaileak behartuta daude janari egokia eta zainketa egokia ematera animalien ongizatea guztiz bikaina izan dadin, gaixotasunen tratamendua dela zein osabidea dela, bai eta agintariek ezarritako administrazio neurriak zein osasunaren prebentzioari buruzkoak betetzera ere. Horiez gain, animalia mota bakoitzak dauzkan ezaugarrien araberako alojamendua eman beharko diete jabeek animaliei.

 8. Artikulua.

 Obrak zaintzeko txakurrak erabiltzen dituzten pertsonek edo enpresek janari eta zainketa egokiak eman beharko dizkiete. Animalia udalerrian obra exekutatu arteko beharrezko denboran bakarrik egongo balitz, jabeek txakurren erroldan inskribatu beharko dute izaera iragankorrez, eta aipatu jarduerak amaitzean baja eman beharko dute.

 9. Artikulua.

 Animaliak ondo babestuak egon daitezen, erabat debekatuak daude:

1. Animaliak bortizkeriaz edo substantzia toxikoak emanez akabatzea, bide zein gune publikoetan substantzia toxikoak gordetzea eta norbere zein inoren animaliak zauritzea, ankerkeriaz tratatzea edo tratu txarrak ematea, konpainiako animalia izan zein etxekotua izan zein basa animalia izan, eta etxean eduki zein elkarbizitzan edo gatibutzan eduki.

2. Animaliak antzerki, diskoteka, pelikula edo propaganda jardueretan erabiltzea, baldin eta erabilera horren ondorioz, animaliak sufritu edo mina hartzen badu edota degradatzen bada.

3. Animalien arteko borroka-saioak, publikoak zein pribatuak, baldin eta bertan animaliak akabatu, zauritu edo erasotzen bazaie.

4. Animaliei mutilazioak egitea, albaitariaren kontrolpean helburu terapeutikoz, arrazoi funtzionalez edo arrazaren ezaugarriei eusteko eginak ez badira.

5. Espresuki debekatzen da animaliak abandonatzea.

6. Zerbaiten erosketa bezala saritzat edo oparitzat bezala ematea.

7. Adin txikikoei eta elbarrituei animaliak saldu, laga edo ematea, beren guraso-agintea edo zainketa-ardura dutenen baimenik gabe.

8. Baimendutako merkatu eta azoketan izan ezik, animalien salmenta ibiltaria.

9. Administrazioaren kontrolik gabe animaliak klinika eta laborategiei saltzea. 

10. Alkohola, drogak eta botikak ematea edo kalte fisikoak zein psikikoak eragin ahal dizkien edozein manipulazio artifizial egitea, bereziki lehiaketetan errendimendua handitzeko bada.

11. Mota babestuetako animaliak saltzea, edukitzea eta erakustea, arlo honetako legeria kontuan izan gabe.

12. Herri bide eta guneetan animalia basatientzako janaria uztea.  

 

III. TITULUA 

ETXEKO TXAKURRAK ETA KATUAK

IV. KAPITULUA. 

ZENTSOA ETA IDENTIFIKAZIOA.

 10. Artikulua.

Ordenantza honen bidez "Aretxabaletako Udalaren Animalien Erregistroa" sortu da, non hasiera batean, Aretxabaletan era iraunkorrez nahiz iragankorrez dauden mota guztietako txakurrak erregistratuko diren.

 Izaera administratiboa duen Erregistro publikoa da, Herri Antolamendua eta Segurtasuna Sailaren ardurakoa. (Udaltzaingoa).

Aipatu txakur-errolda Animalien Identifikaziorako Gipuzkoako Lurralde Erregistroarekin konektatua egongo da, Gipuzkoako Foru Diputazioko Ganadu Zerbitzuan.

Halaber arduratuko da Udala datu-basea urtero eguneratzeaz eta bertako datuen konfidentzialtasuna zaintzeaz.

 11. Artikulua.

Aretxabaleta Udaleko Animalien Erregistroa" ondorengo baliabideekin antolatuko da:

a. Inskripzioen Liburua, prozedura informatikoak erabiliz baliatuko dena, txakur bakoitzaren hurrengo datuak jasoz:

• Titular edo jabearen identifikazioa eta bestela izen-abizenak, ENA zk., helbidea eta telefonoa.

• Identifikazioaren kode alfanumerikoa eta izena ematean txakurraren osasun-egoeraren indikadoreren bat.

• Arraza, kolorea, sexua, adina eta izena.

• Txakurra identifikatzeko balio lezakeen beste zeinahi ezaugarri, argazkia barne, jabeak hala nahi izanez gero.

b. Txakurraren bizitzan zehar sor daitezkeen informazio legal eta administratiboa jasoko duten dokumentuen artxiboa.

 12. Artikulua.

 Txakur-jabe edo edukitzaileek derrigorrez identifikatu eta erroldatu beharko dituzte beren txakurrak, txakurra jaio edo erosi den momentutik hilabeteko epean. Berdin egingo da bestelako edozein konpainiako animalia bada ere.

 13. Artikulua.

 Animalia identifikatzeko inplante elektronikoa erabiliko da Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantzaren Sailak 1993ko maiatzaren 25eko 109/93 Aginduak animalien identifikazioaz erabakitzen duenaren arabera.

 14. Artikulua.

    Txakur-jabeek gainera txakurraren osasun-kartila bat eduki beharko dute eta bertan konstarazi jabe edo titularraren izena, identifikazioaren kode alfanumerikoa eta animaliaren osasun egoeraren ezaugarriren bat eta baita ere mota, arraza., sexua, adina, aptitudea, izena eta zehazki identifikatzeko beharrezko oharpenak (argazkia barne jabeak hala nahiz izanez gero). Era berean jarriko dira txertoen datak albaitariaren identifikazioarekin, parasitazioak kendu zitzaion data eta gainerako osasun-intzidentziekin batera. Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren jabeak behartuta daude hirugarrenei eragindako kalteei aurre egiteko erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzera; aseguru horen estaldura, gutxienez, 120.000 eurokoa izango da, 10 eguneko epea izango dute horretarako animalia identifikatzen denetik aurrera, eta aurrez txakurra erregistroan sartuta eduki behar dute. Aseguratutako zenbateko horren barruan ez da inolako frankiziarik sartuko. Kartilan polizaren zenbakia konstaraziko da eta aseguru-etxearen datuak. Beste animalia batzuen jabeari, bere aseguru-poliza partikularrean sartzea gomendatzen zaio.  Jabeari Kartila eta/edo identifikazioa galduz gero, berehala horren berri eman beharko du eta identifikazio berria egin ondoren bidali egin beharko du.

 

 15. Artikulua

 Animalia-jabeek edo edukitzaileek albaitariari jakinarazi beharko diote heriotzagatik izandako bajak, eta albaitariak horren berri emango dio Udalari edo dagokion Lurralde Erregistroari, heriotza gertatzen den egunetik kontatzen hasita, 10 eguneko epean.

 16. Artikulua

 Animalia lapurtu edo desagertuz gero, salaketa jarri beharko da 24 orduko epe barruan eta hori egin ondoren, 10 eguneko epea egongo da lapurreta edo desagerketaren berri emateko albaitariari edo zuzenean Udalari.

 17. Artikulua.

 Txakur-jabeak edo edukitzaileak etxez aldatzen badira edo txakurraren jabetza eskualdatzen badute, 10 eguneko epea izango dute horren berri emateko albaitariari, Udalari edo dagokion Lurralde Erregistroari.

 18. Artikulua.

 Animaliaren jabeak ordainduko ditu identifikazio zerbitzua, osasun-txartela eta erroldan izena ematea.

 19. Artikulua.

 Animaliak jasotzeaz arduratzen diren udal-zerbitzuak jasota edukiko dituzte Ordenantza honen bidez abandonatutzat jo daitezkeen animaliak. VII Kapituluko 37 artikuluan jasotzen den moduan.

 20. artikulua.

 “Baldintza berezi batzuk betez eduki beharreko animaliak” gisa sailkatuta daudela adierazten duen plaka (gorri kolorekoa) eraman beharko dute beti lepotik zintzilik, ondo ikusten dela.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien kasuan horrela sailkatuta daudela adierazten duen plaka (laranja kolorekoa) eraman beharko dute beti lepotik zintzilik, ondo ikusten dela. Plaka hori udalak emango dio jabeari erregistroan izena ematen dutenean.

V. KAPITULUA. 

ANIMALIEN OSASUN KONTROLA

 21. Artikulua.

 Gizakientzat zein gainontzeko animalientzat kutsakorra den gaixotasuna diagnostikatzen badiote animalia bati edo horrelako gaixotasun sintomak balitu, edo pertsonaren bati haginka egin badio, Udalak animalia hori giltzapean ipintzeko edo isolatzeko aginduko du.

 Animaliaren batek pertsonentzat kutsakorra den gaixotasunen bat balu, eta gaixotasuna albaitari kolegiatu batek diagnostikatu badu, eta bere iritziz animalia akabatu egin behar bada, baimendutako eutanasia-sistemaren bat erabiliz akabatuko da, eta gastuak jabeak ordaindu beharko ditu. Horiez gain, gaixotasun kroniko sendaezinak dituztenak eta jabeek behar bezala zaintzen ez dituztenak ere akabatu egin beharko dira.

 22. Artikulua.

 Foru Aldundiak eta/edo Eusko Jaurlaritzak agintzen badu, jabeek derrigorrez eduki beharko dute txakurraren osasun-txartela.

 23. Artikulua.

 Norbaiti haginka egin dioten txakur eta katuei Foru Aldundiko Abeltzantza Zerbitzuak agindutako kontrolak egin beharko zaizkie, zerbitzu hori da eta arlo horren ardura duena.

 24. Artikulua.

 Haginka lesioak edo zauri sakonak egin dituztela frogatu zaien txakurrak albaitariak obserbazioan edukiko ditu Udal Zerbitzu propioan edota kontzertatuan, 14 egunez, afektatuak izan diren pertsonen tratamendu medikoa zehaztu ahal izateko. Txakurra aterpetxetik atera aurretik, txakur-jabeak gastuak ordaindu beharko ditu.

 Jabeak behartuak daude erasoa egin duen txakurraren datuak ematera bai kaltetua izan den pertsona edo honen ordezkari legalei, bai eta hala eskatzen badute agintari konpetenteei ere.

 Agindu hau ez betetzea txakur-jabearen edo edukitzailearen haustura izango da edota baita beste zeinahi pertsonarena ere, bestearen ausentzian, eta gertatuen berri badu.

 Gorabehera epizootikoek posible eginez gero, eta beti ere albaitariaren baimenarekin, eta jabearen erantzukizunez, albaitariak obserbazioa egingo du, eta behartuta dago gutxienez hiru bisita egitera, azkena hozka egin eta hamalaugarren egunean, emaitzaren berri albaitariak dagokion ziurtagiri ofizialez emanez, honek alta eman diezaion txakurrari, aurrenik azken egunean obserbazioa eginik, bidezkoa balitz.

VI. KAPITULUA. 

ANIMALIAK LEKU PUBLIKOETAN

 25. Artikulua.

  Txakurrak derrigorrez lepokoarekin eta uhalarekin lotuta ibili beharko dira bide publikoetan eta pertsonak dabiltzan gainerako leku guztietan. Era berean, arriskutsu izan daitezkeen animaliak, eta kaltegarri edo krudel ospea duten zakurrak (zeintzuek edukitzea 50/1999 legeak arautzen duen) uhalarekin, lepokoarekin eta muturrekoarekin eramango dira espazio publiko guztietan.

 26. artikulua.

"Baldintza berezi batzuk betez eduki beharreko animaliak" eta "arriskutsuak izan daitezkeen animalia" gisa sailkatutako animalien kasuan, jabeek, hazleek edo edukitzaileek, aipaturiko baldintza orokorrez gain eta herri segurtasunari buruzko legerian xedaturikoez gain, ondoko baldintza berezi hauek bete behar dituzte:

a) Txakurra dagoen leku edo esparrua segurtasun sistema egokiaz hornitu behar da animaliak ihes egitea eragozteko edo haurrek bertara erraztasunez sar ez daitezen, auzokoentzat, kaletik pasatzen direnentzat edo gainerako animalientzat inolako arriskurik ez dagoela bermatzeko.

b) Debekaturik dago animalia lotzeko luza daitezkeen uhalak erabiltzea.

c) Bide publikoetan, eraikin kolektiboetako guztien erabilerarako zatietan eta, oro har, leku publikoetan, derrigorrezkoa da txakurrak une guztietan muturrekoa eramatea, bakoitzaren tipologia kontutan hartuta egokia duena.

d) "Baldintza berezi batzuk betez eduki beharreko animaliak" katalogaturik dauden txakurrek ezin dute inola ere parte hartu txakur erakusketa, lehiaketa edo bestelako gertakizunetan.

 27. Artikulua:

 Debekatua dago animaliak honako leku hauetan sartzea:

a) Edozein motako elikagaiak fabrikatu, gorde, garraiatu edo saltzeko lekuak.

b) Ikuskizun publiko, kultural, kirol eta jostetako lokalak, igerileku publikoak eta osasun zentroak. Bakarrik sartu ahal izango dira leku horietan animalien lehiaketak edo ikuskizunak antolatzen direnean.

c) Ikastetxeak, salbu eta heziketa prozesuan behar badira, eta kasu honetan zuzendariaren edo zentroko arduradunaren erantzukizuna izango da. 

Leku guzti horien titularrek debeku hau adierazten duten seinaleak ipini behar izango dute ondo ikusteko moduan.

 28. Artikulua.

 Ostalaritza arloko establezimendu publikoen jabeek, hau da taberna, pentsio, jantoki, hotel, kafetegi edo antzekoen jabeek debekatu ahal izango dute, hala nahi izanez gero, bertan txakurrak sartzea. Txakurrak sartuz gero, ordea, derrigorrez eskatu beharko dute txakurrek identifikazioa izatea, uhalarekin lotuta egotea eta bozala ipinita, txakurraren ezaugarriek eta izaerak halakorik eskatzen badute. Bestalde, txakurrek ezin izango dute gaixotasun sintomarik eduki edo zikinak egon. Ezin izango da txakurrik sartu janaria egin eta manipulatzen den lekuetan.

 29. Artikulua.

 Toki komunitario pribatuetan, hau da, kultur elkarte, jolas elkarte, auzokideen komunitateen erabilerarako zona eta abarretan animaliak sartu eta egon ahalko dira, baldin eta entitate horiek dituzten arauek onartzen badituzte eta arauak betetzen badituzte.

 30. Artikulua.

Igogailua hartzeko orduan, bertan sartu behar dutenek, ez badute animaliarekin batera sartu nahi, ez dira igogailuan batera sartuko.

 31. Artikulua.

Debekatua dago garraio publikoetan animaliak garraiatzea. Garraiatu ahal izango dira, ordea, animalien garraiorako leku bereziak dituztenean. Edozelan ere, animalia geldirik joan behar izango da otzara edo bestelako lekuren batean. Animalia taxiz eramaten bada, taxiaren titularrak esandakoa bete behar izango da.

 32. Artikulua.

Gida-txakurrentzat ez dago debekatua aurreko artikuluetan aipatutako lekuetan sartzea, baldin eta gida-txakur lanetan ari badira eta osasun baldintza egokiak betetzen badituzte, hau da, garbiketa, gaixotasun eta agresibitate eza. Debekatua daukate, ordea, janaria egin, gorde eta saltzen diren lekuetan sartzea.

Pertsona minusbaliatuekin dabiltzan gida-txakurrak garraio publikoetan sartu ahal izango dira.

 33. Artikulua.

Debekatuta dago txakur-gorotza bide eta plaza publikoetan, haurren parkeetan, lorategietan, parterretan eta, oro har, leku apaingarrietan edo jendea biltzen den lekuetan uztea. Horregatik, txakurrekin doazen pertsonek gorotzak galtzadara eraman behar izango dituzte, espaloiaren zintarri ondora eta estoldaren hustubideetatik ahalik eta hurbilen laga. Nolanahi ere, animalia gidatzen duen pertsonak poltsa edo bilgarri egokiak eraman beharko ditu, gorotzak jasotzeko, eta berehala garbituko ditu, eta horretarako gaituta dauden zakarrontzietan laga.

Txakurrak gorotza espaloian edo oinezkoen igarobideetan lagatzen badu, txakur-jabeak edo txakurra daramanak dauka jasotzeko ardura. Horretarako poltsa iragaitzetan sartu, poltsa itxi eta zakarrontzietara edo Udal zerbitzuek adierazitako beste tokietara botako du, etxeko zabor-poltsan ere bota ahal du udal zabor-biltzaileek eraman dezaten eta estolderia-sareko hustubideetan ere bota dezake.

Txakur batek bide publikoa zikintzen badu, herritarrek eskubidea izango dute txakur-jabeari edo eramaileari eskatzeko zikindutakoa garbi dezala.

 34. Artikulua.

Txakurren jolasgunearen funtzionamendua eta kudeaketa.

- Txakur-jolasguneen ordutegia

Txakurren jolas-eremuak jendearentzat irekita egongo dira etengabe, hogeita lau orduko ordutegian, asteko egun guztietan, eta aldatu egin ahal izango dira, hala gomendatzen duten inguruabarren arabera.

- Txakurren jolas-eremuen nahitaezko erabilera-arauak

a) Txakur-maskotek eta laguntzaileek bakarrik erabiltzeko esparrua.

b) Pua, hortz edo antzekoetako lepokoekin sartzea debekatuta.

c) Animaliek pertsona heldu batekin egon behar dute uneoro. Txakurrak zainduta egon behar du etengabe, eta, beraz, erabat debekatuta dago bakarrik uztea eremuan.

d) Erroldaturik dauden, mikrotxipa duten eta higiene- eta osasun-arloan indarrean dagoen araudia betetzen duten animaliak bakarrik sar daitezke.

e) Nahitaezkoa da maskotek sortzen dituzten gorotzak jasotzea eta plastikozko poltsetan uztea horretarako jarritako paperontzietan.

f) Barrutiko ateak itxita egon behar du uneoro.

g) Animaliak uhalekin lotuta sartu eta irten behar dira eremutik. Txakurrak uhalez lotuta sartu behar dira txakurren eremuan, eta atea itxi arte ez dira askatuko. Uhalarekin eutsiko zaie, irtetean atea ireki aurretik.

h) Animaliek lepokoarekin egon behar dute uneoro, liskarrik izanez gero errazago bereizteko.

i) Arriskutsutzat jotzen diren edo hala gomendatzen duten ezaugarriak dituzten maskotek (muskulatura handia, masailezur handiak, oldarkortasuna), legeria espezifikoaren arabera, muturrekoarekin egon beharko dute etengabe.

j) Animalia oldarkor agertzen bada, berehala utzi beharko du eremua.

k) Animalien jabeak dira sor litekeen edozein kalteren legezko erantzuleak.

l) Pilotak eta jostailuak erabiltzea baimentzen da. Baina borrokak gertatzen direnean, elementu horiek berehala kenduko dituzte.

m) Indarkeria-zantzurik txikiena izanez gero, jabeak uhalarekin lotuko du, eta txakur-eremua utzi beharko du zentzuzko denbora-tarte batez, animalia lasaitu arte.

n) Txakurrak nahi beste denbora egon daitezke barrutian, betiere gatazkarik sortzen ez bada.

 35. Artikulua.

 Animalia bide publikoetan egon edo ibiltzen bada, eta norbaiti eta ondasun publiko zein pribatuei kalterik egiten badie, jabea izango da erantzulea.

VII. KAPITULUA.

ANIMALIAK JASOTZEKO ZERBITZUA

 36. Artikulua.

 Hildako animaliak.

 Bide eta errepide publikoetan agertzen diren hildako animalien gorpuak Udalak jasoko ditu. Ez ditu jasoko, ordea, Lurzoruaren Legeari jarraituz, lurzoru hiritarrezin kalifikatutako lekuetakoak udal lurrak ez badira behintzat. Egoerak aginduta, udal zerbitzuek animali hildakoren bat jaso behar badute lur jabetza pribatu batetik, sortutako kostuak animaliaren jabeak hartuko ditu bere gain eta hala ez balitz lurraren jabeak.

 37. Artikulua.

 Abandonatutako txakur eta katuen kontrola.

1. Herrian zehar edo herri inguruko bideetan zehar jaberik edo eramailerik gabe dabilen animalia jaso egingo da eta Udalak egokitutako txakurtegira eramango da. 

2. Animalia gutxienez 30 egunez egon ahal izango da gordeta txakurtegian eta jabeak jaso ahal izango du denbora tarte horretan. Bestalde, jaso ahal izateko, animaliaren jabea dela eta egiaztatu eta izandako gastuak ordaindu behar izango ditu. Gastuen zenbatekoak urtero ezarri eta argitaratzen ditu Udalak, eta ordainketa horiek ez diote kalterik egingo Ordenantza honetako arauren bat urratzeagatik ezarritako bestelako zigorrei.

3. Hogeita hamar eguneko epea igaro eta jabeak ez badu animalia jaso edo ez baditu eskubideak ordaindu nahi, ez zaio animalia itzuliko eta animalia eskatzen duen edonori eman ahal izango zaio, baldin eta animaliaren osasun eta administrazio-egoera konpontzeko konpromisoa hartzen badu. Horrelakoetan 5 eguneko epea emango zaio eskatzaileari Udalean eta harrera zentroan egiaztatu ahal izateko.

4. Animalia jabe batek animalia txakurtegian lagatzen badu eta aldez aurretik espresuki uko egiten badio, animaliaren jabetzari, animalia eskatzen duen edonori eman ahal izango zaio 30 eguneko epean.  Horrelakoetan animaliari uko egin dionak ordaindu behar izango ditu momentu horretan indarrean dauden tasak.

5. Bide publikoan animaliaren bat jaso eta identifikatu egiten bada, jabeari animalia jasota dagoela jakinarazteko gestioak egingo dituzte udal-zerbitzuek. Jakinarazpen hori modu frogagarrian egongo da.

Beste aukerarik ezean, animalia eutanasia sistema baten bidez akabatuko da, beti ere albaitariaren ardurapean edo animalien babeserako zentroren bati emango zaizkie edo animalien eskaera egiten duten izaera zientifikoko zentro edo erakundeei, beti ere albaitari zerbitzuen txostena eta baimena kontuan hartuta, eta garraio-gastuak haien kontura izango dira.

6. Albaitariaren txostenak animaliaren egoera zein osasuna txarrak direla eta bere izaera arriskutsua dela adierazten badu, animalia akabatzeko epea aldatu egin ahal izango da, eta presaz akabatu ahal izango da.

7. Lakiolariak Agintaritzaren ordezkaritzat hartuko dira, ondorio guztietarako, lanean ari diren bitartean.

 

IV. TITULU 

ZIGOR-ERREGIMENA 

VIII. KAPITULUA:

HAUSKETAK.

 38. Artikulua.

 Honako Ordenantza honen ondorioetarako, arau-urratzeak honela sailkatuko dira: Arinak, larriak eta oso larriak, beti ere, ondorengo irizpideak kontuan izanik:  osasunarentzako arriskua, zabarkeri maila, eragindako kaltearen larritasuna eta birjaustea.

A.- Arau arinak izango dira:

• Errolda identifikaziorik gabeko animaliaren bat izatea, identifikatuta edukitzea derrigorrezkoa denean.

• Animaliak garraiatzea Lege eta Erregelamenduetan ezarritakoa bete gabe.

• Animalien gorotzak bide zein plaza publikoetan, haurren parkeetan, lorategietan, leku apaingarrietan eta pertsonak ibiltzeko lekuetan lagatzea.

• Ez eraman zorro edo bilgarri egokirik gorotzak sartzeko.

• Animaliak ondo zaindu eta begiratu ezin diren lekuetan edukitzea.

• Animaliei tratu iraingarriak ematea.

• Ordenantza honetan zein bestelako lege eta araudietan xedatutako betebehar eta debekuak ez betetzea, egin den arau-urratzearen izaera dela eta, bestelako kalifikazioren bat duen kasuetan izan ezik.

• Herri bide eta espaziotan janaria uztea.

• Arriskutsua izan daitekeen animalia edo baldintza berezi batzuk betez eduki beharreko animalia bat solte lagatzea edo bere ihesa edo galbidea ekiditeko beharrezko neurriak hartu ez izana.

• Arriskutsua izan daitekeen animalia edo baldintza berezi batzuk betez eduki beharreko animalia identifikatzeko bete beharra ez betetzea.

• Arriskutsua izan daitekeen animalia edo baldintza berezi batzuk betez eduki beharreko animalitzat katalogatutakoa leku publikoetan muturrekorik gabe edo katearekin nahiz uhal ez luzagarriarekin lotua ez ematea.

• 33. artikuluan jasotako arauak haustea.

B.- Arau-urratze larriak izango dira:

• Garbitasun eta osasun egoeraren aldetik egokiak ez diren lekuetan animaliak edukitzea, janaririk eta beharrezko osasun asistentziarik eman gabe.

• Animaliak antzutzea, mutilatzea eta akabatzea albaitariaren kontrolik gabe edo Legeek zein Araudiek ezarritako baldintza eta eskakizunetan ezarritakoaren kontra.

• Ez bakunatzea eta derrigorrez eman beharreko tratamenduak ez ematea.

• Animaliak baimenik gabe saltzea.

• Ordenantza honen ezarpen eremuan dauden animaliak aldi batean edukitzea, hazi edo saltzea Legeek zein Araudiek ezarritako baldintza eta eskakizunak bete gabe. 

• Animaliei tratu txarrak ematea, akabatu edo zaurituz, alferrik sufriaraziz, zauritu edo mutilatuz.

• Animaliei alferrikako sufrimendua eta kalteak eragiten dizkieten substantziak ematea zuzenean zein janariaren bitartez.

• Kalteak eragin ditzaketen animaliak behar bezala ez zaintzea eta behatzea.

• Animaliak min larriak eta nabarmenak dituela jakin eta albaitaritza asistentzia egokirik ez ematea.

• Administrazio-baimenik ez duten ikuskizunetan animaliak erabiltzea.

• Zigor-espedientea hasi aurreko bi urteetan zehar hiru arau-urratze arin egin izana, baldin eta zigorra ezarri bazaio erabaki irmo bidez.

C.- Arau-urratze oso larriak dira:

• Animaliak txakurtegian egon eta nahiz eta jabea identifikatua egon, jabeak animaliaren ardura hartu nahi ez izatea.

• Animaliak akabatzea era bortitzen batean edo substantzia toxikoak emanda.

• Konpainiako edo etxeko animalia bat abandonatzea.

• Animalienganako krudelkeria, tratu txarrak edo animalien sufrimendua islatzen duten eszenak grabatzea.

• Baimendutako ikuskizunetan parte hartzen duten animaliei anestesia, drogak eta abar ematea, horien bidez haien berezko portaera guztiz kontrako bihurtu ahal izateko.

• Pozoindutako janaria lagatzea bide eta espazio publikoetan.

• Animaliak debekatutako ikuskizun publikoetan erabiltzea.

• Zigor-espedientea hasi aurreko bi urteetan zehar hiri arau-urratze larri egin izana, baldin eta zigorra ezarri bazaio erabaki irmo batez.

IX KAPITULUA: 

ISUNAK.

 39. Artikulua.

Ordenantza honetan jasotako arauak urratzea, 60tik 21.565 € bitarteko isunez zigortuko da, beti ere ondorengo eskalaren arabera:

• Urratze arinak: 60-tik 600 eurotara.

• Urratze larriak: 600-tik 2.156 eurotara.

• Urratze oso larriak: 2.156-tik 21.565 eurotara.

Ordenantza honetan arautzen diren isunen zenbatekoa urte osorako izango da eta automatikoki eguneratuko da Kontsumorako Prezioen Indizearen arabera, aurreko urteko isunaren zenbatekoaren gain aplikatuko dena.

X KAPITULUA: 

ZIGORTZEKO ESKUDUNTZA.

 40. Artikulua.

 Isunen zenbatekoa neurtzeko eta aurreko artikuluan ezarritako zigorren iraupena zehazteko, honako zirkunstantzia hauek hartuko dira kontuan: 

a. Arau-urratzeak gizarte-mailan eta osasunean izandako eragina eta ekarri duen kaltea.

b. Legez kanpoko irabazi asmoak eta horren bitartez izandako irabazien kopurua.

c. Arau-urratzeak behin eta berriro egitea. Arau-urratzea berriro egin dela esaten da lehendik ere, zigor-espedientea hasi aurreko bost urteen barruan Ordenantza honetako arau-urratze bat dela eta ezarri izan bada administrazio bideko erabaki irmoaren bidez.

d. Zigorra neurtzeko orduan eragina izan dezaketen bestelako inguruabarrak, bai arintzeko zein larriagotzeko moduan. Hori dela eta esanahi berezia izango du haurren, nahiz elbarrituen aurrean animalien kontra erabilitako biolentzia.

 Ekintzak berak arau-urratze administratibo bi edo gehiago ekartzen baditu, zenbateko handiena daukan isuna ezarriko zaio, espedientea instruitu eta ebazteko organo konpetentea ahalmen zigortzailea duena izanik.

 41. Artikulua.

 Zigortzeko ahalmena izateko, ezinbestekoa izango da zigor-espedienteari ekitea, horretarako legeak edo bestelako arautegiek ezarritako bideei jarraituz.

 Zigor-espedienteak Udalak bideratuko ditu, beti ere Animalien Babeserako 6/93 Legean arautzen den, foru organoek duten, isunak jartzeko ahalmenaren kaltetan gabe,   eta arau-urratzeak oso larriak badira, Foru Aldundiko Organo Aginpidedunari bidaliko dizkio. Zigor-espedienteek ezarritako zenbatekoak udaleko diru-kutxan sartuko dira.

 Arau-urratze arin eta larriei dagozkien zigorrak Udaleko Alkate Lehendakariak ezarriko ditu.

Ordenantza honetako edozein zigor-ezartzek ez du suposatzen zigortua erantzukizun zibiletik salbuetsia geratzen dela.

 Arau-urratzeak delitu edo hoben izaera baldin badu, gertatuen berri epaitegiari emango zaio eta Organo Administratiboak ez du aktuaziorik izango.

 42. Artikulua.

 Zigor-espedienteari ekinik, kautelazko honako neurri hauek hartu ahal izango dira, berriro arau-urratzerik gerta ez dadin:

a). Animaliaren batek ondoko zerrendan jasotako egoeraren bat bizi izan duela susmatzen baldin bada, animaliaren zaintza eta ardura kendu egingo zaio jabeari:

• Behar bezala alojatuak eta elikatuak ez dauden animaliak.

• Albaitariaren tratamendurik gabe gaixo eta/edo zaurituak dauden animaliak.

• Pertsonentzat gaixotasun kutsagarriak dituztenak.

• Gaixotasun kroniko larri edo sendaezinen bat dutenak, mutilazio mingarriren bat, oinaze larri eta itzulezinen bat dutenak.

b) Instalazioak, lokalak edo establezimenduak prebentzio moduan ixtea.

Kautelazko neurriak ez dira etengo ahalik eta horretarako arrazoiak desagertzen ez diren bitartean. Neurri hauek ez dira luzaraziko espedienteko ebazpen irmoa baino areago.

 43. Artikulua.

Isunak borondatez zein premiamenduzko bidea erabiliz kobratuko dira, toki-araubidean ezarritakoaren arabera.

 44. Artikulua.

Arau-urratze arinak sei hilabeteren buruan preskribituko dira, larriak urtebeteren buruan eta oso larriak bi urteren buruan.

Arau-urratze bati dagokion zenbatekoa 3.005 euro baino gutxiagokoa bada, urtebeteren buruan preskribituko da eta bost urtebeteren buruan aipatu kantitatearen berdina edo handiagoa izanez gero.

INDARGABETZE XEDAPENA

Ordenantza honetan ezarritakoarekin bat ez datozen bestelako udal-ordenantzak, arautegiak zein bandoak indargabetuta geratzen dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean sartuko da Udalbatzaren behin-betiko onarpena Gipuzkoako Buletin Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

 Egin zure ekarpena