Udala terrazen udal ordenantzarako ekarpenak aztertzen ari da

2020/11/27

. Aurkeztutako proposamenek bide publikoan mahaiak, aulkiak eta bestelako altzariak nola jarri zehaztuko duen araudia elikatuko dute

. Oinezkoei pasabidea ez oztopatzea, terrazak egokitzeko beharrezkoa izanez gero aparkaleakuak kentzea eta itxitura mugikorrak jartzea dira egindako eskaeretako batzuk

 

Ostalariek eta herritarrek terrazekin bide publikoaren erabilera eta okupazioa arautuko duen lehen udal ordenantzari egindako ekarpenak aztertzen ari da Aretxabaletako Udala. Ostalaritzako lokalen jabeek eta negozio horietatik gertu dauden auzokoek egindako hamar bat proposamen eta eskaera aurkeztu dira urriaren 23tik azaroaren 9ra bitartean abian jarri zen partaidetza prozesuan.

Ekarpen horietako batzuek irisgarritasunean jartzen dute arreta. Horrela, gertuko atarietarako sarbidea libre uztea, oinezkoen pasabidea ez oztopatzea, eta terrazaren eta ondoko eraikinaren artean gutxienez 1,8 metroko distantzia mantentzea eskatzen dute. Bide publikoaren erabilera mugatzea mahaiak eta aulkiak okupatzeagatik, terrazak har dezakeen azalera lurrean markatzea, ixteko ordutegiak errespetatzea, eta zaratarik eta eragozpenik ez sortzeko mahaiak, aulkiak edo eguzkitakoak arrastaka ez eramatea dira herritarrek egindako beste eskaeretako batzuk.

Beste ekarpen batzuk terraza mugikorrak eta finkoak jartzeko baimena ematearekin lotuta daude. Aparkalekuak kentzea espazio horiek egokitzeko beharrezkoa balitz, oihalezko itxitura mugikorrak jartzen uztea, edo arkupeetan mahaiak ipintzea ahalbidetzeari buruzko eskaerak ere aurkeztu dira. Azken batean, ostalaritza sektoreak erraztasunak eskatzen ditu terrazak jartzeko.

Proposamen guztiak aztertzen ari da Udala eta kontuan hartuko ditu udal ordenantza berria zehazterakoan. Kalea okupatzeko baldintzak, ordutegiak, terraza osa dezaketen elementuak, eta hurbil bizi diren herritarrekiko bizikidetza ona bermatzeko jarraibideak arautuko ditu, besteak beste.

Ordenantzak administrazio-urrats guztiak gainditu beharko ditu. Urtarrilean egingo den Osoko Bilkuran hasierako onarpena ematea aurreikusten du Udalak, eta ondoren, alegazioak aurkezteko epea irekiko da indarrean sartu aurretik.

Bestalde, osasun krisiak ekarri dituen murrizketen eta lokal barruko edukiera mugatuen ondorioz, gizarte-harremanak terrazetara aldatu dira. Ildo horretan, Udala 2021erako laguntza lerro bat sortzea aztertzen ari da terrazetan egindako inbertsioei laguntzeko.