Gasolindegiak jartzeko arau aldaketa

2024/01/31
Gasolindegien instalazioen ugaritzeak, eta bereziki, hiriguneetan ezartzeak kezkatzen du gobernu-taldea. Horregatik, Udalak hausnarketa-aldi bat irekitzea erabaki du, etorkizunean horrelako instalazioak ezartzeko aukera arautu ahal izateko; hau da, non jar daitezkeen eta zein baldintzatan.

Helburu horrekin, urtarrilaren 17an egindako osoko bilkuran, Aretxabaletako hirigintza arauak aldatzea erabaki zuen Udalbatzak, beti ere, Estatuko araudiak uzten dituen marjinak kontuan hartuta.

Hirigintza arauak aldatzeko erabaki horrek era horretako instalazioetarako lizentziak urtebetez etetea ekarri du, denbora hori beharrezkoa izango baita aipatutako aldaketa hori tramitatzeko.

Prozesu horretan, herritarren parte-hartzea oso garrantzitsua da; eta horregatik, otsailaren 12ra arte, edozein herritarrek aukera izango du gai honi buruzko ekarpenak egiteko.