Aretxabaletako ikastetxeek eta Udalak abian jarri dute berriro Eskola Agenda 2030 egitasmoa

2026/11/04
Azaroaren 4an ikasturteko lehenengo Udal Foroa egingo da eta ikasleak udaletxera joango dira egitasmoari hasiera ofiziala emateko. Ikasleak prozesu osoaren protagonistak izango dira: herriko hainbat gune aztertu eta diagnostikoa egin ondoren, ekintza eraldatzaile bat burutuko dute eta beren herriko hobekuntza proposamenak helaraziko dizkiote Udalari.

Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) oinarri dituen hezkuntza programa honek herriko ingurumen, gizarte eta ekonomia jasangarritasuna sustatzea du helburu, ikasleen partaidetza aktiboa bultzatuz eta hezkuntza komunitatea tokiko errealitatearekin zuzenean lotuz.

Zertan datza Eskola Agenda 2030 eta zein da aurtengo ardatza?

Eskola Agenda 2030 ikasgeletatik harago doan hezkuntza proiektua da; mundu mailako erronkak tokiko ikuspegitik lantzeko espazioa eskaintzen du. Aurtengo ikasturtean, egitasmoak "Ongizate Emozionala" izeneko ardatz nagusia landuko du, 3. GJHarekin (Osasuna eta Ongizatea) eta 11. GJHarekin (Hiri eta Komunitate Jasangarriak) zuzenean lotuta, ingurunea zaintzea, baliabideen kudeaketa arduratsua eta espazio publikoen bizi kalitatea hobetzea ditu oinarri. Helburu horiek aukeratzearen bidez, klima aldaketaren eta jasangarritasunaren erronkei tokian tokiko erantzunak eman nahi zaizkie, herritarren ongizatea sustatuz eta ingurune naturalaren eta gizartearen arteko oreka indartuz.

Zergatik ongizate emozionala?

Iaz, Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalek gazteen ongizate emozionalari diagnostiko bat egin zuten ikastetxeen laguntzaz. Diagnostiko horretatik abiatuta, mahai bat sortu zen ildo horretako ekimenak sustatzeko. Horregatik aukeratu zen gai hau Agendan lantzeko.

Horretaz gain, Azterketa zientifikoek eta esperientziek erakusten dute naturak, espazio berdeek eta ingurune irisgarri zein seguruek eragin zuzen eta positiboa dutela pertsonen osasun mentalean, estresaren murrizketan eta autorregulazio. Horregatik, ikasturte honetan ikasleek ingurune fisikoak (argiteria, naturaren presentzia, zaratak), ingurune emozionalak (segurtasun-sentsazioa, babesguneak) eta erabilera berdintzaile zein inklusiboak gure eguneroko ongizatean duten garrantzia aztertuko dute.

Ikasleak, herriaren eraldaketaren eragile

Eskola Agenda 2030 ez da teoria hutsa; ikasleen parte-hartze aktiboa eta protagonismoa dira prozesuaren muina. Ikasturtean zehar, adin ezberdinetako ikasleek honako ibilbide hau egingo dute:

  1. Analisi eta diagnostikoa: Herriko hainbat gune (jolas-parkeak, kirol-espazioak, azpiegitura berdeak eta gune ezkutuak) bertatik bertara aztertuko dituzte, indarguneak eta hobetzeko alderdiak atzemanez.
  2. Ekintza eraldatzailea: Diagnostiko horretatik abiatuta, ikasleek ez dituzte soilik eskaerak egingo; urtean zehar ekintza eraldatzaile erreal bat antolatu eta burutuko dute herri zein eskola mailan.
  3. Udalari proposamenak: Ikasturte amaieran, ikasleek egindako lanketa osoa azalduko diete tokiko agintariei, beren konpromisoen dekalogoa aurkeztuz eta azterketatik ateratako hobekuntza proposamen zehatzak helaraziz, Udalak ere bere ardurak har ditzan.

Programan Aretxabaletako ikastetxeek( Kurtzebarri LH eta DBH), irakasleek, ikasleek eta Udaleko ordezkariek hartzen dute parte, hezkuntza komunitatearen eta tokiko erakundearen arteko lankidetza estua bermatuz.

Lehen hitzordua: Azaroaren 4ko Udal Foroa

Proiektu honen lehen urrats publiko eta nagusia datorren azaroaren 4an izango da. Egun horretan, herriko ikastetxeetako ikasle ordezkariek lehenengo Udal Foroa egingo dute eta udaletxera joango dira tokiko agintariekin topaketa izateko. Bilera honetan, ikasturteko erronka nagusiak aurkeztuko dituzte eta sentsibilizazio eta motibazio faseari hasiera ofiziala emango diote.

Proiektu honek Udalaren, ikastetxeen eta familien arteko elkarlana berresten du, Aretxabaleta herri jasangarriago, seguruago, babesleago eta emozionalki osasuntsuago bihurtzeko bidean.