Algara Ludotekak ate irekiak egingo ditu datorren astean

2025/09/24

Irailaren 29tik urriaren 2ra bitartean, Algara Ludotekak ate irekiak egingo ditu herritarrek zerbitzua ezagutzeko aukera izan dezaten. Udan zehar hainbat hobekuntza egin dituzte: paretak margotu, mobiliario berria jarri eta espazioa egokitu, besteak beste.

Ate irekien saioak txandaka antolatu dira, 40 pertsonako aforoarekin:

  • HHko haurrak: 17:00etatik 18:00etara.
  • LHko haurrak: 18:00etatik 19:00etara.

Izen-emate epea eta kuotak

Algara Ludoteka 3-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako zerbitzua da, eta ikasturteko ordutegia astelehenetik ostiralera 17:00etatik 19:30etara izango da. Izen-emate epea urriaren 6tik 20ra bitartean izango da, eta urteko kuota 90 €-koa da haur bakoitzeko. Hirugarren haurraren matrikula doakoa izango da. Gainera, diru laguntzak eska daitezke, hemen ikus daiteke beharrezko informazioa.

Helburu hezitzaileak

Algara Ludotekaren helburu nagusiak haurren ongizatea eta garapen pertsonal zein soziala sustatzea dira, aisialdia modu osasuntsuan, aktiboan eta sortzailean bizitzeko aukera eskainiz. Horrez gain, honakoak ere bultzatu nahi dituzte:

  • Bizitzarako oinarrizko jarrerak eta trebetasunak garatzea.
  • Beste haurrekin eta hezitzaileekin loturak eraikitzea.
  • Bizikidetza, errespetua eta kulturartekotasuna sustatzea.
  • Sormena eta ekimena lantzea.
  • Erabakiak hartzeko eta iritziak partekatzeko gaitasuna sendotzea.
  • Haurrek heltze-prozesuan erreferente iraunkorrak izatea.