Aretxabaletako Udalak haur eta nerabeen aisialdirako dirulaguntzak jarri ditu martxan 2025-2026 ikasturterako
Aretxabaletako Udalak haur eta nerabeen aisialdirako dirulaguntzak deialdia zabaldu du, 2025-2026 ikasturtean egingo diren jardueretarako. Bi helburu hauei erantzutea da nahia; batetik, jatorri eta testuinguru desberdinetako 16 urte arteko haur eta nerabeen aukera-berdintasuna sustatzea, eta kulturartekotasuna lantzea eta bestetik, haur eta nerabeek aisialdiko eta eskolaz kanpoko ekintzetan parte-har dezaten sustatzea.
Izan ere, gaur gaurkoz, eskolaz kanpoko ekintzek haur eta nerabeen arteko arrakala eta bazterkeria arriskua sortzen dute: herriko haur gehienak eskola orduetatik kanpoko ekintzetara joaten dira, baina egoera zaurgarrian dauden haurrek ez dute horretarako aukerarik izaten.
Marko juridikoa
NBEren Haurren Eskubideen Nazioarteko Aldarrikapenak, Unifecen Haurren eskubideei buruzko hitzarmenak eta Garapen Jasangarrirako 2030 agendak, besteak beste, ondorengo eskubideak aitortzen dizkie haur eta nerabeei:
- Berdintasunerako eskubidea, arraza, erlijioa edo nazionalitatea kontuan hartu gabe.
- Doako hezkuntza baterako eskubidea. Ongi pasatzeko eta jolasteko eskubidea.
- Bereizkeriarik ez.
- Haurrak aisialdi, jolas eta ekintza kultural eta artistikoetan parte hartzeko eskubidea.
Horiez gain, EAEko Haur eta Nerabeen 2/2024 LEGEAk, ezartzen du administrazioaren ardura dela haur eta nerabeen jarduera fisikorako eta kirolerako eskubidea nahiz aisialdi hezigarria bermatzeko jarduerak sustatzea.
Aretxabaletan 2024an egindako ongizate emozionaleko diagnostikoan, nerabeek adierazitako beharren artean dago egoera zaurgarrian dauden haur eta nerabeei eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzeko dirulaguntzak ematea.
Diruz laguntzen diren jarduerak.
2025-2026 ikasturtean, gehienez 2 jarduera lagundu ahal izango dira diruz: ludoteka-zerbitzua gehi jarduera hauetako bat:
- Eskola kirola
- Euskal dantza
- Pilota
- UDA futbola
- Arizmendi kirol elkarteko boleibola eta nesken futbola
- Igeriketa
Dirulaguntza jasotzeko baldintzak.
- Aretxabaletan erroldatuta egotea
- 16 urte edo gutxiago izatea
- Ondorengo laguntza hauetako baten onuradun izatea:
- BDE: Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta.
- GLL: Gizarte Larrialdietarako Laguntza.
- Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera.
Baldintzak betetzen dituztenei kuotaren 100 % ordainduko zaie.
Aurkeztu beharreko agiriak.
- Eskaera-orria behar bezala beteta. Eskaera aurkezteko unean eskatzaileak jada izen-ematea ordainduta badu, horri dagozkion egiaztagiriak.
- BDE edo Bizitzeko Gutxieneko diru-sarrera jasotzen duela ziurtatzen duen dokumentua.
- Errenta aitorpena, edo egitetik salbuetsita dagoela adierazten duen ziurtagiria.
Aurkezteko epea eta lekua: Irailaren 30a arte, Udaletxeko Erregistro Orokorrean, aurrez aurre edo telematikoki.