2025ean emakumeen aurkako indarkeria matxista kasuak Aretxabaletan
Urtarrilaren amaieran bildu zen Aretxabaletako indarkeria matxistaren arretarako erakundeen arteko koordinazio mahaia 2025ak emandakoa aztertzeko. Mahai hori 2023an landutako Aretxabaletan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta hobetzeko erakundeen arteko koordinazio eta arretarako tokiko II. protokoloaren markoan sortu zen.
Mahaiaren xede nagusia erakundeen arteko koordinazioa hobetzea eta protokolo horren etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egitea da, eta honako erakundeak daude ordezkatuta: Udala (Gizarte Zerbitzuak, Lorratz zerbitzu psikosoziala, Udaltzaingoa eta Berdintasun saila), Osakidetza (osasun-zentroa eta Debagoieneko ESI), Ertzaintza eta herriko ikastetxeak (Arizmendi Almen gunea, Kurtzebarri eta Lanbide Eskola).
2025eko indarkeria matxista kasuei erreparatuta, erakundeek artatutako emakumeen batazbesteko adina 40 urtekoa da, ia kasu guztietan bikoteak edo bikote-ohiak eragindakoa, eta artatutako emakumeen % 80ak baino gehiagok adin txikiko seme-alabak ditu (gehienetan erasotzailea da seme-alaba horien aita).
Aretxabaletan ez gaude isolatuta eta, gurean ere indarkeria matxista egon badago. Gainera, artatutako kasu gehienetan gertuko kideak dira indarkeria horren atzean daudenak (bikotea edo bikote-ohia) eta, gehienetan, adin txikiko seme-alabak tartean daude eta indarkeria hori gertutik bizi dute.
Kezkagarria da egoera eta ezin dugu ahaztu artatutako kasu horiek herrian bizi diren indarkeria egoeren oso lagin txikia dela, iceberg-aren punta. Horregatik, indarkeria matxistaren prebentzioan ezinbestekoa da guztion hausnarketa: zein bikote harreman mota eraikitzen, mantentzen eta normalizatzen ditugu? Haur eta nerabeek etxeetan zer eredu eta heziketa jasotzen dituzte?
Haur eta nerabeen heziketan familiaz gain, hezkuntza formaleko eta ez formaleko hainbat agentek eragiten dute. Herriko ikastetxeek prebentzio-lan horretan eginkizun garrantzitsua dute, eta etorkizuneko belaunaldien arteko harreman osasuntsuak sustatzeko agente nagusiak dira. Hala eta guztiz ere, guztion erantzukizuna da indarkeria matxistari aurre egitea, baita mutiko eta gizonena ere. Askotan normaltzat jotzen ditugun eta erasoak diren jokabide horiek identifikatu eta horiei aurre egin behar diegu, guztiok batera egin behar dugun zerbait da, herri eta gizarte gisa.
Ez gaitezen indarkeriaren konplize izan.
Indarkeria matxista jasaten ari bazara, nora jo?
24 orduz:
- Larrialdiak 112
- Satevi 900 840 111
- Ertzaintza 943 53 47 20
Bulego ordutegietan:
- Gizarte Zerbitzuak 943 71 18 62
- Udaltzaingoa 943 71 18 63
- Berdintasun saila/TRIL Atxabaltako Txoko Feminista 943 71 18 62
Gogoratu, indarkeria matxista jasaten duten emakume eta queerrentzat aholkularitza juridiko zerbitzua eskaintzen dela.
