Zortzi film izango dira ikusgai abenduko zine karteldegian

2022/12/01
Piotr Motyka soinujole poloniarrak kontzertua eskainiko du hilaren 4an. Iker Aizkorbe aretxabaletarraren argazkiekin itxiko da aurtengo Arkupeko erakusketen egitaraua.

Joan den hilabetean itzuli ondoren, Arkupeko zine karteldegiak zortzi film eskainiko ditu abenduan, lau komertzialak eta beste horrenbeste haurrei zuzenduta. Felix Viscarret zuzendari nafarraren No mires a los ojos pelikulak irekiko du egitaraua abenduaren 2an, ostirala. Lan hau Desde la sombra de Juan José Millás eleberriaren egokitzapena da, eta Paco León, Leonor Watling eta Álex Brendemühl dira protagonistak. Lau emanaldi eskainiko dira: abenduaren 2an, 22:00etan; 3an eta 4an, 19:30ean; eta 5ean, 16:00etan.

Abenduko zubiko jaiegunetarako, aldiz, Fermin Muguruzaren Black is beltza II: Ainhoa animaziozko zinta (abenduaren 6an eta 8an, 19:30ean), eta Rodrigo Sorogoyen zinemagilearen As bestas (9an, 22: 00etan; 10ean eta 11n, 19:30ean; eta abenduaren 12an, 16:00etan) proiektatuko dira Zaraia aretoko pantaila handian. Laugarren filma, hau ere 2022an estreinatua, Vasil da. Avelina Pratt valentziarraren opera primak Karra Elejalde, Ivan Barnev, Alexandra Jiménez eta Susi Sánchez ditu protagonista. Kasu honetan, abenduaren 16an (22.00), 17an (19.30), 18an (19.30), eta 19an (16.00) izango dira saioak.

Haurrek, bestalde, honako film hauek ikusi ahal izango dituzte: Minions: El origen de Gru (abenduaren 3 eta 4); Los buscamundos (abenduak 6 eta 8); El colegio de los animales mágicos (10 eta 11), eta Tadeo Jones: La tabla esmeralda (17 eta 18). Saio guztiak 17:00etan izango dira.

Kontzertuak eta antzerkia Zinemaz gain, kultur egitarauan 2021eko edizioan Arrasate Hiria Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuen Piotr Motyka akordeoi jotzaile poloniarrak kontzertua emango du abenduaren 4an (12.30ean; doan). Musikarekin jarraituz, abenduaren 28an Ispirit gospel talde donostiarra igoko da Arkupeko taula gainera (19:00).

Antzerkiari dagokionez, Txalo Produkzioak konpainiaren Kottauak ikuskizunarekin gozatzeko aukera egongo da abenduaren 26an, eta 29an bertsoz beteko da Zaraia aretoa, Uxue Alberdi, Ane Labaka, Andoni Egaña eta Igor Elortzaren eskutik (19.00).
Bestalde, erakusketa aretoan Iker Aizkorbe aretxabaletarraren argazkiak izango dira ikusgai abenduaren 5etik aurrera.

* Sarrerak abenduaren 1etik aurrera jarriko dira salgai www.aretxabaleta.eus webgunean eta Arkupen.