Zortzi eta hamabi urte bitarteko haurrentzat liburu tailerra antolatu du udal liburutegiak

2022/11/04
Saioa azaroaren 15ean izango da Maite Mutuberria ilustratzailearen eskutik. Izena emateko epea hilaren 7an irekiko da.

Udal liburutegiak haurrei zuzendutako bi ekintza antolatu ditu azarorako. Maite Mutuberria ilustratzaile nafarrak zuzenduko du azaroaren 15ean egingo den liburu tailerra, 17:30etik 19:00etara.

Saioan 8 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute. Marrazketa, koadernaketa eta hitz-jolasen tekniken bidez ilustrazioaren munduan murgiltzeko aukera izango dute. Gehienez 30 laguneko talde bat osatuko da, eta izen-ematea –doan- azaroaren 7an irekiko da.

Azaroaren 30erako Ixabel Agirresarobek eskainitako ipuin saioarekin gozatzeko aukera egongo da. Usurbilgo narratzaileak Udazken zopak ikuskizuna aurkeztuko du bost eta zortzi urte bitarteko haurrentzat. Hitzordua txiki-txokoan izango da 18:00etatik aurrera. Kasu honetan, izena azaroaren 14tik 21era arte eman beharko da.