Zinema Arkupera itzuliko da datorren ostiraletik aurrera

2022/11/15
Udalak Artemani esleitu dio zine proiekzio zerbitzua. Kontratuaren iraupena urtebetekoa izango da, baina beste bi epealditan luzatzeko aukera egongo da. Zinema denboraldiak azarotik apirilera bitarteko hilabeteak hartuko ditu. Haurrentzako “Orkestra lurtarra” eta helduei zuzendutako “El cuarto pasajero” filmekin zabalduko da zine emanaldien programazioa.

Zinema Arkupera itzuliko da datorren asteburuan, haurrentzako Orkestra lurtarra eta helduei zuzendutako El cuarto pasajero filmekin. Udalak Arteman Komunikazio agentziari esleitu dio zine proiekzio zerbitzua, 60.487 euroan (BEZa barne). Kontratuaren iraupena urtebetekoa izango da, baina beste bi epealditan luzatzeko aukera egongo da. Zinema denboraldiak azarotik apirilera arte iraungo du, ostiraletik astelehenera bitarteko emanaldiekin.

Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak azaldu duenez, irailean hutsik geratu zen udal zerbitzu honen lehen lizitazio deialdia, “aurkeztu zen enpresa bakarrak ez zuelako eskaintza ekonomikoa jaso kontratazio pleguetan eskatzen zen bezala”. “Gaiari lehentasuna eman diogu, eta urrian bigarren deialdi bat egin zen, prozesua bizkortzeko epeak egokituz. Ostiral honetatik aurrera, beraz, zinema Arkupera itzuliko da”, nabarmendu du Kultura zinegotziak.

Arkupeko pantaila handian, azaroaren 18an (ostirala) El cuarto pasajero pelikula eskainiko da (22:00etan). Alex de la Iglesiaren lan berri honek Blanca Suárez, Alberto San Juan, Ernesto Alterio, Rubén Cortada eta Carlos Areces ditu protagonista. Filma larunbatean 19:30ean, eta astelehenean (azaroaren 21ean; ikuslearen eguna) 16:00etan ere proiektatuko da. Haurrek, bestalde, Orketra lurtarra filma ikusi ahal izango dute, larunbatean 17:00etan.

Hilaren 20an, igandea, ez da zinema emanaldirik izango, Me quiere, no me hiere antzezlana programatuta dagoelako.

Azaroko azken asteburuan El vasco (hilaren 25ean, 22:00etan; 26an, 19:30ean; eta 28an, 16:00etan), eta haurrentzako Dc Supermaskoten liga (hilaren 26an –larunbata-, 17:00etan) pelikulak proiektatuko dira. Azaroaren 27an, igandea, Arkupek Sorginak eta sorginkeriak ikuskizuna hartuko du eta, ondorioz, ez da zine emanaldirik izango.

Zerbitzu honen aldeko apustuan, Udalak aurten ere 45.000 euro inbertitu ditu zine proiektore bat erosteko. Horri esker, Zaraia aretoa ekipo digital batez hornitu ahal izan da.