Urritik aurrera kiroldegiko tasa osorik kobratuko da

2020/09/24
. Aretxabaletan erroldatutako 18 urtetik gorakoek 26,98 euro ordainduko dituzte hilean; beste udalerri batzuetako bazkideek, berriz, 32,55 euro. . Kuota bertan behera geratu zen koronabirusak eragindako instalazioen itxieran, eta azken hilabeteetan kiroldegia erabili dutenek bakarrik ordaindu dute tasa murriztua

Urritik aurrera Ibarra kiroldegiko tasa osoak hasiko dira kobratzen. Koronabirusaren eragina arintzeko hartutako neurrien artean, kiroldegiko tasak bertan behera uztea erabaki zuen Udalak. Alarma egoera amaitu eta txanda sistemarekin jarduerari berrekin ondoren, uztailetik irailera arte tasa murriztua aplikatu zaie instalazioak erabili dituztenei. Udalak jakitera eman duenez, neurri horrek 315.000 euro murriztu ditu tasen diru-sarrerak, 2019ko epe berarekin alderatuta.

Hala, urritik aurrera, Aretxabaletan erroldatutako 18 urtetik gorakoek 26,98 euroko kuota ordainduko dute hilean (32,55 euro beste herri batzuetakoak badira). 14-17 urte bitarteko gazteei eta 18-23 urte bitarteko ikasleei, ordea, 22,47 euro kobratuko zaizkie (24,72 euro gainerakoei). 65 urtetik gorakoek 17,98 euro ordainduko dituzte instalazioak 7:00etatik 16:00etara erabiltzen badituzte (19,10 euro Aretxabaletan erroldatuta ez dauden bazkideentzat).

Denboraldi berria martxan jartzearekin batera, kiroldegiak bere ordutegia luzatu zuen irailaren 14an. Astelehenetik ostiralera 7:00etatik 21:30era irekitzen ditu ateak, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta igandeetan 9:00etatik 14:00etara. Kirol jardueren eskaintza ere abian jarri da, eta orain arte 513 lagunek eman dute izena hogei bat ekintzatan.

Abonatuen kopuruari dagokionez, 2.962 dira une honetan. Irailean erregistratu da aurtengo bajen kopururik altuena, guztira 166 bazkide, 79 altaren aldean. Urte hasieran 57 baja eta 82 alta izan ziren, eta urte hasi denetik hona, 399 baja eta 258 alta.

Kiroldegiak prebentzio eta higiene protokolo bat du martxan Covid-19aren aurrean, Ibarrako erabiltzaileen osasun segurtasuna eta ongizatea bermatzeko ezarri dena. Zerbitzua normaltasunez eskaintzen ari da eta instalazioak erabiltzeko txanda sistema mantentzen da.