Urkuluko urtegiaren ingurunea hobetzeko lanak hasi dituzte; Bide seguruak eta irisgarritasua lehenetsiz.

2025/12/04

Aretxabaletako Udalak jakinarazi nahi du Urkuluko urtegiaren ingurunea hobetzeko eta txukuntzeko lanak hasi direla gaur, bertako erabiltzaileen segurtasuna, irisgarritasuna eta erosotasuna bermatzeko helburuarekin. Aurreikusi den epea hilabetekoa izango da, gutxi gorabehera.

Hesiak kendu eta bideak zabaldu

Urkuluko urtegia inguratzen duen bidean 2010.urtetik egurrezko hesi eta seinale ugari jarri ziren, metro dezente inguratuz. Urte luzez mantentze-lanik egin ez denez, hesi gehienak egoera oso kaxkarrean daude gaur egun.

Egoera horren aurrean, Udalak hainbat alderdi aztertu ditu interbentzioa diseinatzeko orduan: batetik, hesiak konpontzeak ekarriko lukeen aurrekontua eta etorkizuneko mantentze-gastuak; bestetik, segurtasuna eta erabiltzaileentzako irisgarritasuna eta erosotasuna.

Balorazio hori kontuan hartuta, eta hobekuntzak lehenetsiz, erabaki da:

  1. Bigarren presa inguruan eta mahaiak dauden inguruko hesiak kendu: Urtegiaren aldera ematen duten hesiak kenduko dira. Horri esker, bigarren presara doan bidea nabarmen zabalagoa eta seguruagoa izango da, eta mahaiak dauden ingurunea txukunago geldituko da.
  2. Komuna dagoen eremu azpiko hesiak berritu: Koska handia dagoen eremu honetan segurtasuna bermatzeko asmoz, hesi zaharrak berriztu egingo dira.
  3. Mahaiak eta bankuak dauden eremuan, hondatutako elementuak konpondu: Mahaiak eta banku berriak jarriko dira, erabiltzaileentzako atsedenleku segurua eskaintzeko.

Interbentzio honekin, Udalak Urkuluko ingurunea nabarmen txukuntzea, segurtasuna areagotzea eta erabiltzaileentzako bideak irisgarriagoak egitea espero du, inguru natural horren gozamena erraztuz.