Urkulu inguruko udal-lursailen errentamendua azken esleipen-fasean dago

2026/07/10

Aretxabaletako Udala Larrino, Asatsa eta Arientza auzoetan kokatutako udal-jabetzako 70 hektareako lursailen errentamendua esleitzeko prozeduraren azken izapideak egiten ari da, ustiapenerako deitutako lizitazio publikoaren prozesua amaitu ondoren. Lurrak hasiera batean hamar urterako errentan emango dira, eta epe hori beste bi aldiz luzatu ahal izango da, bost urtez bakoitzean. 

Lursail horiek, Udalak 2002. urtean eskuratuak, duela hogei urte ere antzeko lizitazio-prozedura baten xede izan ziren. Oraingo honetan ere, lursail guztiak batera lizitatzea erabaki da, esleipendun izango den nekazaritza-ustiategiaren bideragarritasuna sustatzeko asmoz. 

Prozedura publiko guztietan bezala, esleipena aldez aurretik ezarritako eta interesdun guztiek ezagutzen dituzten irizpideen arabera egin da. Eskaintza ekonomikoaz gain, ustiapen-proiektuaren kalitatea, nekazaritza-sektorean gazteak eta emakumeak txertatzea, prestakuntza eta lurren kudeaketa jasangarrira bideratutako neurriak ere baloratu dira. 

Objektibotasun eta zorroztasun tekniko handiena bermatzeko, proiektuen balorazioan Foru Aldundiko teknikari batek parte hartu du; gainerako irizpideak, berriz, lizitazioaren oinarrietan aurreikusitako formulen bidez ebaluatu dira. 

Lau nekazaritza-ustiategik aurkeztu dituzte beren proposamenak, eta eskaintza guztiak ezarritako irizpideen arabera aztertu dira. Esleipena datozen asteetan formalizatzea aurreikusten da. 

Lursailak esleitu ondoren, Udalak dagokion jarraipena egingo du, ustiategi esleipendunak bere gain hartutako konpromisoak behar bezala betetzen direla bermatzeko, bai gizarte-arloan, bai ingurumenaren arloan, bai nekazaritza-kudeaketari dagokionez.