Uretz tabernaren kudeaketa berria: laster aterako da lizitazioa
Uztailaren 31n bukatuko da gaur egun Uretz taberna kudeatzen dihardutenen kontratua, eta Udalak prest ditu hurrengo lizitazioa aurkezteko pleguak. Hori egin aurretik, Udaleko osoko bilkura batean onartu beharko da guztia. Udalaren asmoa da, beranduenez, uztailaren 20ko astean argitaratzea lizitazioa. Gero, izena emateko 25 egun naturaleko epea izango dute Uretz taberna kudeatu nahi duten herritarrek, eta, abuztu osoan itxita egon eta gero, "irailaren erdialderako zabaltzea" da Udalaren nahia. Uretz kudeatu nahi duten horiek gonbidatu gura ditugu lizitazioan parte hartzera.
Lehen urtearen balantzea, ona
Duela urtebete zabaldu zen gaur egungo Uretz, hiru urteko birmoldaketa lan luzeen ostean, eta lehen aldi honen emaitzak "positibotzat" jo ditu Udalak. Kokapena egokia da, eta adin ezberdinetako jende askok erabili du establezimendua. Nahiz eta jubilatuta dauden pertsonek produktu batzuetan %20ko deskontua izan, ez da beraientzako gune bat soilik, denboraren poderioz herritar guztien topaleku bihurtu da, belaunaldi ezberdinak elkartuz. Gero eta bezero gehiago erakartzen ari den gunea da, eta kokapen ona izateak hortan ere lagundu du adin-tarte zabaleko jendea hurbiltzera.
Baldintza berdinak, hobekuntza txikiekin
Hurrengo lizitazioaren baldintzek ez dute funtsezko aldaketarik izango aurrekoarekin alderatuta. Hala ere, hainbat xehetasun hobetuko dira, besteak beste barrutik kanpora ez irteteko soinu-isolamendua indartzeko panelak jarrita.
POBA egitasmoa jantoki zerbitzu berriarekin
Bestalde, Aretxabaletako Gizarte eta Osasun Zerbitzuek elkarlanean lantzen diharduten POBA (Pertsonen Ongizatea Begirada Anitzetik) egitasmoaren barruan, 65 urtetik gorako herritarrentzako jantoki zerbitzua eskainiko da astelehenetik-ostiralera Uretzen. Udaleko teknikariek azaldu dutenez, bi helburu nagusi ditu ekimenak: elikadura egoki eta osasungarria bermatzea batetik, eta bakarrik bizi diren adinekoentzat elkarguneko espazio bat sortzea bestetik, bakardadearen aurkako lanari ekiteko modu gisa.
