Udalak zerga eta tasei eusten die

2026/10/07
Urriaren 14an egingo den osoko bilkuran bozkatuko dira 2027ko ordenantza fiskalak.

Udal gobernu taldea jakitun da prezioen igoera nabarmena bizi dugula, eta ez dakigula noraino iritsiko den. Igoera horrek udalari ere zuzenean eragiten dio, eta zerbitzuak garestitzen ditu. Hala ere, udalak ahalegin berezia egin nahi du zerga eta tasen igoerari eusteko, behar-beharrezkoa dena baino gehiago igo gabe, horrela Aretxabaletako familiek jasaten ari diren karga pixkat arinduz.

Ahalegin hau posible da udalaren egoera ekonomiko sendoari esker. Zergak eta tasak behar-beharrezkoa baino gehiago igo gabe ere, udalak zerbitzu publikoen kalitateari eutsi ahal izango dio, eta zerbitzuak hobetu eta zabaldu ere bai.

Oinarrizko zerbitzuak izoztu egingo dira. 2027an ur eta hondakin tasek ez dute igoerarik izango.

Hobarien taula berrikusi eta zabaldu egingo da. Alde batetik, ezarrita zeuden margenak handituko dira, horrela gaur egungo egoerara hobeto egokituz. Bestetik, hobari-taula bakarra ezarriko da hobaria duten tasa eta zerga guztietarako, diru-sarreren eta familiako kide kopuruaren arabera, eta guraso bakarreko familiei arreta berezia eskainiko zaie.

Zergetan, igoera, atal bakoitzaren errealitatera egokituko da:

  • Ibilgailuen zerga izoztu egingo da.
  • Ondasun Higiezinen gaineko Zergak (IBI) %2,5eko igoera izango du, erreferentziako KPIaren azpitik.
  • Kiroldegiko tasek eta gainerako tasa txikiek %3,1eko igoera izango dute, Euskadiko uztaileko azpiko KPIaren arabera. Indize honek ez ditu kontuan hartzen prozesatu gabeko elikagaiak eta energia-produktuak, hau da, prezio aldakorrenak.

2027an, udalak ordainketak frakzionatzeko aukera berria eskainiko du. Orain arte ordainketa bakarrean egin behar izaten ziren zergak eta tasak, baina aurrerantzean, herritarrek, ala eskatuko balute zatika ordaindu ahal izango dituzte. Neurri honek malgutasuna eta erosotasuna emango die familiei eta enpresei.