Udalak zaurgarritasun egoeran dauden emakumeei gizarteratzeko eta laneratzeko laguntza eman die

2020/12/23

. Ikastaro baten bidez, enplegua bilatzeko orientazio pertsonalizatua jaso dute, baita adinekoak zaintzeko eta etxeko zerbitzurako prestakuntza ere.

. Konfinamenduan zehar lanik gabe geratuta eta udal gizarte zerbitzuetara jo zuten emakumeek parte hartu dute ekimen honetan.

 Udalak zaurgarritasun egoeran dauden emakumeak gizarteratzeko eta laneratzeko programa bat garatu du azken hilabeteetan. Parte-hartzaileek enplegua bilatzeko orientazio pertsonalizatua jaso dute, baita zainketa pertsonalei eta etxeko zerbitzuari buruzko prestakuntza ere. Lan merkatuan sartzeko trebetasunak ere landu dituzte.

Hamaika emakumek parte hartu dute Zuekin-lan izeneko programa honetan. Gaur eman diote bukaera diploma banaketarekin. Ekitaldian Gizartegintzako zinegotzi den Karmele Uribarrirekin batera, Enplegu eta Berdintasun teknikari diren Nahia Agirre eta Atsegin Odriozola egon dira, hurrenez hurren.

Koronabirusaren lehen olatuan, ordura arte ezkutuan zegoen langabeen profil bat hauteman zen: 25 eta 55 urte bitarteko emakumeak dira, etxeko lanetan eta adinekoen zaintzan dihardutenak, ehuneko handi batean egoera juridiko administratibo irregularrean eta adingabeak ardurapean dituztenak. Konfinamenduak lanik gabe utzi zituen eta Udal Gizarte Zerbitzuetako ateak jo zituzten. Bertan, laguntza ekonomikoa bideratu zuten emakume horientzat, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) eta Caritasen bidez.

Udalak beste urrats bat eman nahi izan du, kolektibo horri "arreta eta abordatze integrala" eskainiz. Laguntza ekonomikoetatik haratago, gizarte eta lan arloko jarraipena egitea erabaki zen. Horrela, Berdintasun, Enplegu eta Gizarte Zerbitzuetako sailek zeharka lan egin duten programa bat martxan jarri da.

 

Ibilbide pertsonalizatua

Ikastaroa azaroaren 17tik abenduaren 22ra arte luzatu da, astelehenetik ostiralera, egunean lau orduz. Emakume horien ahalduntzea lantzeaz gain, diagnostiko sozio-profesional bat egin zaio parte-hartzaile bakoitzari, haien beharrak, gabeziak eta jarrerak identifikatzeko, gizarteratzeko ibilbide pertsonalizatua definitu aurreko urrats gisa. Etxeko zerbitzuan zaintzako eta arreta emateko ezagutzak eskuratzen ere lagundu zaie.

Saioetan eguneroko bizitzarako trebetasunen garapena eta inguruneko baliabideen ezagutza jorratu dira. Era berean, enplegagarritasuna hobetzeko estrategiak landu dira (denboraren kudeaketa, irudia, arauak betetzea...), baita zainketa pertsonalak eta etxez etxeko zerbitzua ere (higienea, norberaren garbitasuna, elikagaien eta medikazioaren administrazioa, laguntza teknikoak mendekotasuna duten pertsonak mobilizatzeko, etxea garbitu eta mantentzeko, lisatzeko, erosketak antolatzeko…).

Udalak ekimenaren balorazio positiboa egin du. Zuekin-lan proiektuaren "garrantzia" azpimarratu du Gizartegintzako zinegotziak. "Ez genuen laguntza ekonomikoan bakarrik geratu nahi. Helburua egoera ahulean dauden emakumeei abordatze integrala eskaintzea izan da, hurbilen duten erakundeak, hau da Udalak, ez dituela bakarrik uzten ikus dezaten", gaineratu du Uribarrik. Era berean, Gizartegintzako zinegotziak ikastaroaren edukia nabarmendu du, parte-hartzaileei "egiaztatutako lanbide heziketa baterantz jarraitu beharreko urratsak erakutsi dizkielako”.

Emakume horien jarraipena Auzoko programarekin osatzea aurreikusten da. Eguneroko lanean baliagarrian izan dakizkiekeen euskarazko oinarrizko esaldiak irakastea da asmoa.