Udalak, Tantai baso kooperatibaren bazkidea izateko tramiteak hasi ditu

2024/03/15

Tantai Baso Jabe Kooperatibak basoa kudeatzeko eredua aldatzea du helburu, eta hala jasota dauka bere estatutuetan. Kooperatiba honek, besteak beste, basoen kudeaketa-eredu irregular eta moldakorra ezarri nahi du,  bertako espezieen kudeaketan oinarritua eta ekosistema zerbitzu guztien hornikuntza optimizatuko duena.

Kudeaketa horrek, baso ekosistemen berezko biodibertsitatea mantentzen eta haien funtzionamendua bermatzen lagunduko du; zur, zelulosa, biomasa eta antzerako lehengaien hornidura alde batera utzi gabe.

Tantai Baso Jabe Kooperatibak bere sorreratik bertatik azpimarratu izan du bazkide laguntzaileen garrantzia, jendartearen parte hartzea bultzatzeko gakoa diren heinean. Izan ere, bazkide mota hori integratuta duen kudeaketa eredu honek biodibertsitaterako zein gizarte osorako onura dakar, jabeetatik haratago doan inplikazioa bultzatzen duelako.

Udalok berebiziko papera jokatzen dugu ingurumenaren kudeaketan eta baita basoen kudeaketan ere, izan plangintza urbanistikoa egiterakoan, izan kontzientziazio lanean edo izan baso-jabe ere bagarelako. Horregatik, udalon inplikazioa ezinbestekoa da gure basoen kudeaketan eta basoak jendartearentzako dituen baloreen sustapenean.

Udal honek, Tantai baso jabe kooperatibaren helburuekin bat egiten duenez, hasiera eman dio proiektuaren bazkide laguntzaile izateko prozedurari, eta horren berri ematea da ohar honen helburua. Oraingo hau lankidetza baten hasiera besterik ez da izango, Udalak baso politika garatzeko ematen duen lehenengo pausoa. Aretxabaletako Udalak landa eremuko bizitzaren aldeko apustua egiten du, eta, horretarako politika aktiboak garatzeko konpromiso irmoa adierazi nahi du.

Hori guztiori, 3 helburu nagusirekin: biodibertsitatea zaintzea, baso-jabeei laguntzea eta beste baso-politika batzuk sustatzea.