Udalak Santakurtz kaleko bidegorri zatiaren lanak esleitu ditu

2020/02/04
Ekainean hasiko dira eta hamaika asteko exekuzio epea izango dute.

Udalak Probisa Vias y Obras enpresari esleitu dizkio Santakurtz kaleko bidegorri zatiaren lanak, trenbide zaharreko plataforma –Kurtzebarri eskolako iparraldean- Basabe industrialdearen parean doan bizikletentzako errailarekin lotuko duen bidea. 278 metro izango dituen bidegorria ekainean hasiko dira eraikitzen, eta ezustekorik ezean, irailerako amaituta egongo da.

Udalak lan horiek aprobetxatuko ditu Kurtzebarri eskolaren parean oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna hobetzeko. Horrela, egungo zirkulazio-erreiak estutu eta sigi-sagan jarriko dituzte, ibilgailuen abiadura murrizteko.

Hartutako konponbideari esker, gainera, Santakurtz kaletik sarbidea duten etxebizitzen garajeetatik datorren trafikoa ere kendu egingo da, 21 eta 27 zenbakien artean, saihesbiderantz zuzenean irteteko aukera zabalduz. Neurri horrek murriztu egingo du une honetan eskolaren aurretik igaro behar duten ibilgailu kopuruaren zati bat.

UDAKO OPORRALDIA APROBETXATUKO DA

Obrak 213.700 euro inguruko kostua du eta hamaika asteko epean burutuko dira. Xabi Otxoa Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, Santakurtz kaleko bidegorri zatia egokitzeko lanak ekainean hasiko dira, “eskola jardueran eragin ditzaketen eragozpenak gutxitzeko helburuarekin”. "Lan gehienak udako oporraldian egingo ditugu, eta dena ondo badoa, irailerako prest egongo da bidegorria", zehaztu du Otxoak. Jarduketa honen beste gakoetako bat Kurtzebarri eskolako jolastokitik bizikletentzako eta oinezkoentzako erreiaren trazatua ateratzea izan da.

Bidegorriaren 278 metro horiek egokitu ondoren, Arrasatetik Eskoriatzaraino udalerria luzetara zeharkatzen duen bizikleta-oinezkoen ibilbidea osatuta geratuko da. Obra horiekin Udalak beste pauso bat emango du mugikortasun jasangarrian, beste jarduera batzuen ildotik jarraituz.