Udalak kale-garbiketarako ibilgailu berriak eta Andramaixetarako zerbitzu berezi berria aurkeztu ditu

2026/08/10
Aretxabaletako Udalak azken urteotan kale-garbiketa zerbitzua hobetzeko apustu sendoa egin du.

Horretarako, orain arte baino baliabide gehiago jarri ditu zerbitzuaren esku: 2023an 343,339€-ko kostua zuen zerbitzuak, eta 2026tik aurrera 583,246 €-koa izango da. Apustu honen helburua zerbitzua nabarmen hobetzea da, bai egunerokoan bai jai egunetan, gehien behar den tokietan indarra jarriz.

Horrela, gaur zerbitzura gehitzen diren 3 ibilgailu berri aurkezten ditugu. Aretxabaletako zinegotzi den Ion Albizuk azaldu ditu ibilgailu bakoitzak dakartzan aukerak eta ezaugarriak.  

Laburbilduz, ibilgailu multieginkizun berria garbiketa espezializatuagoak egiteko pentsatuta dago (zoru eta eskailerak fregatzea, puntuko garbiketak, ureztaketak...). Barredora elektrikoak zaharra ordezkatuko du, eta hau ere %100 elektrikoa da; horrela, erregai fosilak baztertzen laguntzeaz gain, aurrekoarekiko zarata nabarmen murrizten du.

  • Ibilgailu multieginkizuna (Goupil + hidrolinpiatzailea): %100 elektrikoa da, presio handiko hidrogarbitze-ekipoa eta baldeatzeko barra ditu, 700 litroko ur-depositu batekin. Honekin, baldeatzeaz gain, honako lanak ere egin daitezke: eskailerak pistolatu, txiza eta kaka puntu konfliktiboak garbitu, paperontziak garbitu, pankartak eta kartelak kendu, eta espaloien garbiketa sakona kupula eskuzkoaren bidez.
  • Barredora elektrikoa (TENAX): zaharra ordezkatuko du, eta hau ere %100 elektrikoa da. 2 m³-ko hondakin-ontzia eta 400 litroko ur-depositua ditu, eta 8-10 orduko autonomia lanerako. Osagarri hauek ditu: hirugarren eskuila bat, ur-pistola bat, eta hustubideak garbitzeko xurgatze-hodi bat, aurreko eta atzeko kamerarekin eta xurgatze-ahoarekin. Orain arteko barredora erreserban geratuko da, Andramaixetan izan ezik: lehen aldiz, bi barredorak batera aterako dira lanera.
  • Barredora eskuzko elektrikoa: %100 elektrikoa da, eta 2 eskuilako barritze-sistema du. 110 litroko edukiera du, eta hustubideak garbitzeko xurgatze-hodia dauka.

Andramaixak

Andramaixetako jaiei begira, aurten ahalegin berezia egingo da: udal zerbitzuek eta esleipendun enpresak baliabide gehiago jarriko dituzte, kaleak ahalik eta lasterren normaltasunera itzul daitezen.

Horretarako, Andramaixetan honakoak izango ditugu martxan:

  • 10 langile, abuztuaren 14tik 18ra, kale-garbiketan lanean.
  • Barredora berria eta laguntzako beste barredora bat (Aretxabaletan lehen aldiz izango dira bi barredora aldi berean martxan).
  • Ibilgailu multieginkizun berria. Gaur egungo kamioia erreserban egongo da.
  • Barredora eskuzkoa, zonalde jakinetarako.
  • Ureztatze-kamioi handia, kaleak garbitzeko.

Lan horiek guztiak udal zerbitzuek koordinatuko dituzte.

Herritarren elkarlana

Udalak, halaber, herritarrei mezu bat helarazi nahi die. Ezinezkoa da zerbitzu eraginkorra izatea eta herria garbi mantentzea, garbi izateko biderik onena ez zikintzea dela ahaztuz gero. Udalak baliabide asko jartzen dituen arren —eta hala jarraituko du egiten—, ezinezkoa da lurrera botatako poltsa, botila edo beste edozein hondakin unean bertan jasotzea.

Garrantzitsua da guztiok horri buruzko hausnarketa egitea, eta horretarako Udalak sentsibilizazio-kanpaina bat abian jarriko duela iragarri du.

Bukatzeko, Udalak bereziki aitortu nahi ditu kale-garbiketako langileak: urteko egun guztietako goizetan, gure kaleak ahalik eta garbien egoteko lanean ari diren pertsonak dira.