Udalak hurrengo 10 urteetarako AROA plana onartu du

2026/07/16

Aretxabaletako Udalak 2025ean AROA euskara biziberritzeko plana osatzeko prozesua jarri zuen martxan, hainbat herritar eta eragilerekin elkarlanean.

Orain, prozesu horretatik jaso ziren proposamenekin osatutako plan estrategikoa onartu da osoko bilkuran, eta hortik aurrera, webgunean egongo da herritaren eskura.

Plana 10 urterako izango da, eta emaitza honetara heltzeko ibilbidea Elhuyar Aholkularitzarekin batera egin da. Horretarako, ondorengo pausuak eman dira:

Hasteko parte-hartze prozesu zabala burutu zen hainbat fasetan. Ondoren, Plan Estrategikoa sortzeko lehentasunak adostu eta aurrera begirako egiturak eta lan egiteko modua adostu ziren. Azkenik, jasotakoaren txostena osatu zen.

Behin prozesua amaituta, Herriko Euskararen Mahaia, BEINKE, osatu dute Aretxabaletako Udalak, Loramendi Euskara Elkarteak eta lanketa hartan parte hartu zuten zenbait herritarrek. Mahai horren helburua da prozesuan adostutako erronkak koordinatzea eta antolatzea, lehenetsi zirenetatik abiatuta.

Hainbat talde, lanean hasita

Hori guztia era eraginkorrean antolatzeko, gaikako lantalde autonomoak sortu dira. Horien artean daude kirola eta euskara taldea, adinekoen artean euskara sustatzeko eragileak, merkatariekin diharduen “Euskara Laguna” boluntario sarea, euskal kulturaren berreskuratzea helburu duen taldea eta hezkuntza taldea. Talde horiek, dagoeneko, bakoitza bere arloan, lanean hasita daude.