Udalak hobekuntza batzuk egingo ditu oinezkoen segurtasuna hobetzeko

2025/12/09

Azken asteotan, Udala inbertsio handia egiten ari da udalerriko hainbat kale asfaltatzeko. Horrekin batera, herritarren proposamenak eta iritziak biltzen dituen hiri-mugikortasuneko plana idazten amaitzen ari da.

Asfaltatze-lanen barruan, aparkalekuak, lineak, zebra bideak... ere margotzen ari dira, daudenak hobetzeko eta mugikortasun-planaren lehen zirriborroetan jasota dauden aldaketa batzuk egiteko.

Hori dela eta, datorren astean zenbait gune margotu eta aldaketak egingo dira Araba ibilbidean. Horrela, kale horretan autoen abiadura murrizteko asmoz, aparkalekuak margotuko dira Bizkaia kaletik Bañuetxe poligonora igotzeko bidegurutzeraino. Aparkaleku horiek zigzag-a eginez margotuko dira, abiadura murrizteko.

Aste honetan ere aldaketa bat egin da Iralabarri plaza ondoan dagoen Araba ibilbidetik Basabe poligonora igotzen den kalean. Noranzko bakarreko errei bikoitzeko kale hori noranzko bikoitzeko kale bihurtu da; Beroa kafetegiko (orain Basabe) eta Basabeazpi ondoko zebra-bideetatik ahalik eta zirkulazio gehien desbideratzea da helburua.

Duela bi aste ere Lausittako autobus geltokian obra egin zen. Obra honen helburua geltokia irisgarria bihurtzea izan da. Autobusa linean geratzean, espaloira behar beste hurbil daiteke, galtzadara jaitsi behar izan gabe autobusera igo ahal izateko.

Era berean, Bedarretako San Migelgo obrekin amaitzeko, Otaloraren paraleloa den auzoko kaleko noranzkoa aldatuko da eta aipatutako kalean ibaiaren ondoan dagoena lotzen dituen kaleen noranzkoak ere aldatuko dira.

Beti, erabaki horien guztien helburu nagusia oinezkoen segurtasuna nabarmen handitzea da.

Bedarretako San Migelen norabide berriak

Araba ibilbidean margotuko diren aparkalekuak (espaloien obrak aurrerago egingo dira)