Udalak bertan behera utzi ditu Andramaixak

2020/07/23
Ospakizunei keinu bat egingo zaie ekitaldi sinboliko batekin: abuztuaren 15ean Milagroko musika bandak kontzertua eskainiko du.

Udalak bertan behera utzi ditu Andramaixak, koronabirusaz kutsatzea saihesteko neurri gisa. Erabaki hau jaiak programa murriztuarekin ospatzeko aukera baloratu ondoren hartu da, eguneko ekitaldiekin soilik eta Covid-19aren ondoriozko egoerara egokituta, betiere osasun eta urruntze neurriak betez.

Ez da festarik izango, baina Andramari egunean ospakizunei keinu bat egingo zaie ekitaldi sinboliko batekin. Ohi denez, abuztuaren 15ean Milagroko musika taldeak kontzertua eskainiko du Herriko plazan. Edukiera mugatua izango da eta ikusleak elkarrengandik urrun dauden aulkietan jarriko dira.

Unai Elkoro alkateak adierazi duenez, "zuhurtziaz jokatzea eta erantzukizun publikoa lehenestea dagokigu, nolabait pilaketak eragin ditzaketen egoerak saihesteko". "Gure helburua herritarren segurtasuna eta osasuna zaintzea da, eta Portasoleko jaiekin egin genuen bezala, Andramaixak bertan behera uztea adostu dugu, are gehiago pandemia hartzen ari den izaera kontuan hartuta, lurralde osoan agertzen ari diren berragerpenekin", azpimarratu du alkateak.

Azken egunotan Udala herriko hainbat eragilerekin bildu da, jaiak bertan behera utzi dituztela jakinarazteko. "Faktore asko baloratu behar izan ditugu. Bere garaian esan genuen egoerak uzten bazuen errealitate berrira egokitutako jaiak antolatuko zirela, baina osasuna da lehentasuna", gaineratu du Elkorok.

Kultur jarduerak antolatzeko arrazoiari dagokionez, eta jaiak zergatik ez diren ospatzen, alkateak zehaztu du ekainetik egiten ari diren kaleko ikuskizunen programazioak edukiera mugatuak eta segurtasuna bermatzen duten antzeko neurriak betetzen dituela. "Festetan jende asko biltzen da eta pilaketetarako pizgarriak eskaintzea saihestu behar da", nabarmendu du Elkorok.

Azkenik, Andramaixak 2021ean "inoiz baino gogotsuago" itzuliko direla dio Udalak. Era berean, herritarren erantzukizuna eskatu du prebentzio neurriak bete ditzan.