Udalak 63 ibilgailurentzako lekua duen aparkalekua sortu du Tuboseko orubean

2021/07/22
Aparkalekua behin-behinekoa da, eta martxan egongo da ostiraletik aurrera. Santakurtz kaleko hornidura eta saneamendu sareak berritzeko obrak egiten diren bitartean aldi baterako kenduko diren plazak konpentsatzeko egokitu da.

Tubos fabrika zegoen orubean behin-behineko aparkalekua egokitzeko lanak amaitzen ari da Udala. Lursailaren jabea den Ortuzal enpresak Udalari utzi dio lurzati hori, eta bertan 63 plaza atontzen ari dira. Ostiraletik aurrera egongo dira erabilgarri.

Udalak bere gain hartu du aldi baterako aparkaleku horren obren kostua, Excavaciones Arrasate enpresari esleitu baitzaizkio 42.000 euroren truke (BEZa barne). Duela pare bat aste hasi ziren lanei esker, sastrakak kendu eta lursaila garbitu egin da, ondoren geruza oso batekin betetzeko. Aurrerago, galibo-kontrol bat ere jarriko da autokarabanak sartzea eta aparkalekua egunetan okupatzea saihesteko; horrela, ibilgailuak txandakatzen joan daitezen. Horrez gain, gauez argiztatzeko fokuak ipintzea aurreikusi da.

Jarduketa hau Santakurtz kaleko eta haren inguruetako ur hornidura eta saneamendu sareak berritzeko obren barruan dago. Lan horiek egiten diren bitartean, aldi baterako kenduko dira aparkalekuak, eta galera hori konpentsatzeko Tubos enpresa zegoen orubean behin-behineko aparkalekua egongo da martxan alternatiba gisa. Santakurtzeko lanak udazkenera arte hasiko ez diren arren, Udalak aparkaleku berria behin bukatuta dagoenean erabili ahal izatea erabaki du.