Udalak 30.000 euro bideratu ditu erosketa-bonu kanpaina bikoitza martxan jartzeko

2023/06/15
Lehenengo erosketa txartelak ekainaren 20tik aurrera jarriko dira salgai Arkupen. Guztira, 750 bonu kaleratuko dira, bakoitzak 50 euroko balioarekin. Horietatik, erosleak 30 euro ordainduko ditu, gainerako 20 doan eramanez. Uztailaren 21era arte trukatu ahal izango dira Aretxarte elkarteari atxikitako establezimenduetan.

Aretxabaletako Udalak 30.000 euro bideratu ditu erosketa bonuen kanpaina bikoitza udaberri-uda eta udazken denboraldietan martxan jartzeko, tokiko merkataritzan erosketak sustatzeko helburuarekin. Dirulaguntza hau Udalak eta Aretxarte merkatari eta ostalarien Elkarteak sinatutako hitzarmenaren barruan dago.

Deialdi bakoitzean 15.000 euro erabiliko dira 750 txartel aktibatzeko. Bakoitzak 50 euroko balioa izango du; horietatik, erosleak 30 euro ordainduko ditu, eta gainerako 20ak– Udalak jarritako kopurua– doan jasoko ditu.

Lehenengo kanpaina ekainaren 20an ipiniko da abian, eta aipatutako elkartearen 40 establezimendu inguruk parte hartuko dute: elikadura, arropa edo oinetakoen dendak; zerbitzuak (ile-apaindegia, estetika zentroa, fisioterapia…) eta tabernak. Datorren asteartetik aurrera Arkupen egingo den bonuen salmentaz -10:00etatik 19:00etara- Aretxarte arduratuko da. Pertsona bakoitzeko txartel bat erosi ahal izango da NANa erakutsiz, eta 16 urtetik gorako aretxabaletarra izateko baldintza bete beharko da.

50 euroak kolore moreko bost euroko bi bonutan zatitzen dira; hamar euroko beste bitan, hori kolorekoak, eta 20 euroko bosgarren bat, azken hau gorria. Bost eurokoak tabernetan gastatu beharko dira, baita Ogiberrin, Danonan eta Arkupe goxoki dendan ere. Bonuen iraungitze data uztailaren 21a izango da.

Iraila eta urria bitartean bigarren sorta bat aterako da, 15.000 euroko beste partida batekin eta 750 txartelekin.

Ekimen honetaz aparte, Gabonetan ‘20+10’ bonu kanpaina egiten da.