Udalak 3 M€ onartu ditu proiektu estrategikoak gauzatzeko

2026/04/20
Joan den ostegunean, Udalbatzak 3 milioi euroko kredituak gehitzea onartu zuen, legegintzaldiko planean jasotako proiektuak gauzatzeko.

Kreditu horiek 2025eko likidazioa itxi ondoren sartu dira; urte hori azken hamarkadako gastu eta inbertsio mailarik altuenarekin amaitu da (14,3 M€), eta horietatik 3,4 M€ zuzenean inbertsioetara bideratu dira. 

Kredituak sartzearen helburua da amaitzear edo amaituta dauden proiektuen obrak lehenbailehen hastea. Bestalde, beste zenbait kasutan, proiektu batzuk martxan jarri edo idazketa fasean daudenak finantzatuko dira. 

Testuinguru honetan, lehentasun berezia izango dute Iturrigorri pilotalekua eraberritzeko lanek, besteak beste aldagelak egokitu, harmailak handitu eta bainugela publikoa sortzeko.  

Halaber, Andramari urbanizatzeko partida eguneratuko da, aurreko lizitazioa hutsik geratu ondoren. 

Udal-eraikinei dagokienez, 320.000  hornituko dira udaletxean igogailu bat jartzeko eta sarbide-eremua hobetzeko, leihatila bakarra sortzeko helburuarekin. Era berean, plazako bainugela publikoa eraberrituko da eta hainbat eraikinetan hobekuntzak egingo dira erabilera berrietarako.  

Kuartelari dagokionez, eraikinaren egituran lanak egingo dira eta teilatua konponduko da, haren egoera nabarmen hobetzeko.  

Horrez gain, urbanizazio-lan txikiak egingo dira, mugikortasun-planean proposatutako neurri batzuk gauzatuko dira, komentuko lorategian aldaketak egingo dira eta plazan zuhaitzak birlandatuko dira.  

Aipatutakoaz gain, aste honetan beste kreditu batzuk ere onartu edo egokituko dira: txoko feminista berrirako inbertsio eta gastu txikietarako, fatxadak garbitzeko, Loramendi 1-5eko atzealdea konpontzeko proiektua idazteko, eta lorategi berriak sortzeako, besteak beste. Halaber, udalerriko lurzatiak mugatzeko lanen lizitazioa errazteko aldaketa bat egingo da. 

Arau-aldaketek, besteak beste, zenbait proiektu espero baino gehiago atzeratzea eragin dute; hala ere, gobernu-taldearen erabakia eta borondatea legegintzaldiko plana neurri handi batean gauzatzea da. 

Onartutako kredituak