Udala eta UDA, herrigintza eta bizikidetza ardatz izanik, hainbat pauso ematen hasi dira.
Denbora da bi erakundeek beraien proiektuen berri elkarri ematen dihardutela. Biek ala biek argi dute herrigintza dela beraien proiektuen ardatz. Helburu horri tiraka, zaintza erdigunean jartzen duen herri baten alde jardungo dutela adostu dute. Zaintza bere aspektu zabalenean hartuta. Pertsonen zaintza eta herriaren zaintza oinarri direla azpimarratu dute.
Zaintzaren oinarrietako bat, bizikidetza dela argi ikusten dute eta herrian gertatzen diren hainbat gertakarik ez dute horretan laguntzen.
Bi erakundeek, herrian gertatzen diren bizikidetza oztopatu dezaketen gertakarien inguruan jardun izan dute. Aipaturiko herriaren eta pertsonen zaintzaren aldarria, zentrora ekarri nahi dute eta elkarlanean aritzeko konpromezua hartu dute bi elkarteek. Aurrera begira proiektu partekatu baten bueltan ideia bat garatzen hasiak dira eta ondorengo hilabeteetan horren berri emango dute.
Bitartean, ildo beretik, Udalak eta UDAk suzirien gaia landu dute. Biek ikusten dute suzirien gaiak herrian hainbat arazo sortzen duela. Alde horretatik UDAk, partiduetan golak ospatzeko botatzen zituen suziriak ez botatzea erabaki du, pertsonen ongizatea eta lasaitasuna bermatzeko. Udalak bere aldetik, suzirien inguruko hausnarketa sakonagoa egiten dihardu eta hainbat ekitaldien bueltan sortzen diren bizikidetza arazoen aurrean eta suziriekin izaten diren arrisku momentuak ekidite aldera, arautegi bat osatzeko lanetan hasi da.
Bukatzeko nabarmendu dute, herrian azken urteetan izan diren gertaera ezberdinek (UDAko partiduetan izaten diren konportamendu desegokiek, kontenedoreen erreketek, herriko bazar baten gertaturiko gertaerek eta abar) ez dutela herriko bizikidetzan ezertan laguntzen. Guzti hauek herrigintza eta bizikidetza oztopatzen duten jardunak dira.
Zaindu gaitezen eta zaindu deigun herria.