Udaberriko jolas parkea antolatu du Udalak

2022/04/08
Apirilaren 11n eta 12an izango da Ibarra kiroldegian. Hiru eta hamabi urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.

Gabonetako parkea Covid-19aren eraginagatik bertan behera utzi ostean, apirilaren 11n eta 12an, Aste Santuko oporren atarian, ekintza ugarirekin girotuko da Ibarra kiroldegia.

Parkea 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Puzgarriak, ohe elastikoak, jolasak, tailerrak, Xbox jolas digitalak… egongo dira etxeko txikienen gozamenerako. 11:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara zabalduko ditu bere ateak.

Eguneko sarrera sei euroren truke eskuratu ahal izango da. Bi eguneko bonoak, aldiz, hamar euroko prezioa izango du. Hirugarren seme-alabarentzat doakoa izango da. Horretarako, familia ugariaren txartela aurkeztu beharko da.