Txarapeako azken 64 etxebizitzen eraikuntza fasea otsailean hasiko da

2021/01/27

. Duela bederatzi urte amaitu gabe utzi ziren bi blokeek prezio tasatuko 48 pisu eta salmenta libreko 16 etxebizitza izango dituzte

. Obrak urtebeteko epean amaituko dira, 2022ko otsailerako

 

Txarapeako promozioari amaiera emango dioten azken 64 etxebizitzak otsailean hasiko dira eraikitzen, nahiz eta azaroaren 13an lehen urratsak eman ziren garbiketarekin, hondakinak kentzearekin eta 2012an erdibidean geratu zen eraikinaren egoera egiaztatzeko probak egitearekin. WIP Aretxabaleta Shell S.L.U. enpresak prezio tasatuko 48 pisu eta salmenta libreko 16 duplex egingo ditu.

Udala pozik agertu da Txarapeako eremuko lanak “bederatzi urte geldirik” egon ondoren berraktibatu direlako. “Gure helburua etxebizitza operazio hau desblokeatzea izan da”, adierazi du Unai Elkoro alkateak, eta “lehen unetik” etxebizitza horiek eraikitzen laguntzeko “erabateko jarrera” erakutsi dutela azpimarratu du. “Udalak ahal izan duen guztian lagundu du lanak berriz hasteko prozesua errazteko. 64 pisu berri izango ditu udalerriko etxebizitza parkeak eta, horrela, Txarapeako urbanizazioa guztiz amaituta geratuko da”, gaineratu du alkateak.

Sustatzaileak Construcciones Amenabar SA enpresari esleitu dizkio lanak. 1. eta 2. blokeetan kokatuta, 64 etxebizitza hauek aurreko faseetan eraikitakoen tipologia bera izango dute: beheko, lehen eta bigarren solairuetan pisu tasatuak egokituko dira. Hiru logela, bi komun, garaje-plaza eta trastelekua izango dituzte, 175.000 eurotik gorako prezioarekin. Hirugarren solairuan eta teilatupean, berriz, duplex motako etxebizitzak kokatuko dira: lau gela, hiru komun, garaje-plaza eta trastelekua dituzte, eta 258.000 eurotik gorako kostua dute. Etxebizitza guztiek, gainera, terraza zabalak izango dituzte. Zortzi ataritan banatuko dira; lau atari bloke bakoitzean.

Eraikuntza-fasea hasi baino lehen, garajeko zolata eraisten, hondakinak ateratzen eta garbitzen ari dira. Aldi berean, dagoen eraikinaren probaz eta entseguez egindako ikuskaritza teknikoa osatzen ari da. Lanak, aurreikuspenen arabera, 2022ko otsailean amaituko dira.

Pisuak saltzeaz Aretxabaletako San Miguel Inmobiliaria arduratzen da.

Hitzarmena onartzea

Hurrengo Osoko Bilkuran oniritzia emango zaio Txarapeako azken bi bloke horien garapena arautuko duen hirigintza hitzarmenaren berritzeari; Bruesa SA Enpresa Taldeak sustapen hori osatu gabe utzi zuen 2012an, hartzekodunen konkurtsoan sartu ondoren.

Txarapeako urbanizazio osoak hamabi bloke ditu. 240 etxebizitza tasatuak dira, 100 libreak eta 100 babes ofizialekoak.