Tratu onen alde komunika gaitezen

2023/11/07

Datorren azaroaren 20an, haurren eta nerabeen eskubideen nazioarteko eguna ospatzen da mundu mailan. Egun horren harira, Aretxabaletako Udaleko haur eta nerabe zerbitzuek elkarlanean ekimen berri bat jarri dute martxan.

Ekimenaren ardatza komunikazioa izango da, izan ere, berdinkideen arteko harremanetan bortizkeria ohiko bihurtu dela ikusi da. Irainak eta jolasetan egiten diren eraso fisikoak oso normalizatuta daude nerabeen artean.

Datozen egunetan gaztelekuan, ludotekan eta hizkuntza errefortzu zerbitzuetan arazo hori izango dute aztergai, hau da, euren artean nola komunikatzen diren aztertu eta komunikazioan erabiltzen diren modu zakar eta erasokorren inguruan hausnartuko dute.

Azaroaren 10ean, jaialdi bat antolatuko da plazan, tratu onen aldeko aldarrikapena egiteko.  Bi ekintza nagusi egongo dira: 17:30ean haurrei eta nerabeei zuzendutako ginkana bat egingo da, eta ondoren, 18:30ean, graffiti bat margotuko dute plazan, horretarako propio jarriko diren paneletan.  Iban Urreta Aretxabaletako grafitilaria ibiliko da gidari lanak egiten.

Azaroaren 14an, 18:00etan, Arkupe Kultur Etxean, gurasoei zuzendutako hitzaldi bat eskainiko da. Nerabezaroa eta komunikazioa izango da gai zentrala, eta Jone Galdos Aretxabaletako Ikasiz zentroko psikologoak emango ditu horren inguruko azalpenak.

Amaitzeko, azaroaren 10etik 20ra bitartean, gazteria zerbitzuetako langile eta erabiltzaileek, MUko komunikazio fakultateko ikasleen laguntzarekin, ohiko bihurtu diren komunikazio bortitzak erabiltzen dituzten iragarkiak zabalduko dituzte.