Tomate-zintei buruzko proiektuak jaso du Aretxabaletako proiektu feministen I. sormen beka
Aretxabaletako Udalak proiektu feministen sormen bekaren lehen deialdia jarri zuen abian pasa den maiatzean, Aretxabaletan perspektiba feminista duten obra artistikoen sorkuntza edo/eta ekoizpenari bultzada emateko helburuarekin eta Udaleko Kultura eta Berdintasun sailen elkarlanarekin.
Maiatzaren amaieratik ekainera bitartean eskaerak egiteko epea zabalik egon da eta deialdira aurkezteko proiektuen gaia irekia izan zitekeen, aldez aurretik egin gabea eta diziplina anitzetakoa: antzezlanak, dantzakoak, ikus-entzunezkoak, literarioak, plastikoak, musikalak, performatiboak... Beka proiektu bakarrak jasoko du eta bekaren zuzkidura 5.000 eurokoa da.
Guztira, bi eskaera jaso dira, biek maila ona erakutsi dute, ekofeminismoari keinu egin diote eta herriaren izaerarekin oso lotutako gaiak landu dituzte; iraganari erreparatuz, emakumeen memoria historikoa berreskuratu eta etorkizuneko iruditegia eraldatzeko xedearekin. Epaimahaiak uztailean baloratu zituen jasotako eskaerak eta honako proiektuak lortu du beka, bi eskaeren arten puntuazio altuena lortu duelako: “ZINTAK. Aretxabaletako landa eremuko andreen diseinu-soluzio herrikoiak”.
Jasotako eskaerak honako epaimahaiak baloratu ditu: Berdintasun batzordeko bi kide (SANCHEZ GARCIA, AINHOA eta TRIVIÑO MADINABEITIA, MAIDER), Kultura batzordeko bi kide (ZANGITU ARROYO, IBAI eta MIGUEL QUINTERO, INMA), mugimendu feministako bi kide (ETXABE ISASMENDI, ANE eta SANCHEZ GARCIA, EIDER), arte edo sormen arloko aditua (ERRASTI GORROÑO, KEPA) eta idazkari lanetan Aretxabaletako Udaleko Berdintasun teknikaria (AIZPURUA ARKAUZ, IZARO).
ZINTAK. Aretxabaletako landa eremuko andreen diseinu-soluzio herrikoiak
Bekaren onuradunak Itsaso Pagoaga Zaloña eta Katalin Antxia Abasolo dira eta modu honetara laburbildu dute proiektua:
“ZINTAK proiektuak Aretxabaletako baserri-auzoetako (Larrino, Aozaratza, Gorueta, Areantza, Arkarazo, Oro, Isurieta, Galartza eta Apotzaetxebarri) emakumeen memoria feminista eta materiala berreskuratzea du helburu. Abiapuntua eguneroko
objektu xume bat da: emakume baserritarren jantzi zaharretatik moztutako tomate-zintak, landareei eusteko erabiltzen zirenak. Ehunen eta tomatearen bizi-zikloak uztartuz, emakumeek jantziarekin izandako harremana, emakumeen lan ikusezina, zaintza eta transmisioa aztertuko ditu ahozko memoriaren bidez.
Eguneroko objektu xumeetan gordetzen diren istorioek osatzen baitute norbanakoaren memoria eta kasu honetan baita gure herriko emakume baserritarren memoria kolektiboa. Tomate zinten memoria kolektibo feminista.
Proiektu honek iragana arakatu nahi du, baina zalantzarik gabe errealitatearekin ere egiten du talka. Eta horregatik, egitasmoaren helburua ez da soilik memoria kolektiboa osatzea, aitzitik gaur egungo errealitatea aztertzeko beste begirada bat eskaini eta etorkizunerako gogoeta sustatzea era badu helburu. Iraganeko jakinduria feminista baliatuz gaur egungo kontsumo, zaintza eta iraungitze kontzeptuen inguruan gogoeta egin eta horien inguruan gogoeta irekia proposatu nahi da.
Finean baserrietan arropa ez da izan soilik gorputzak estaltzeko jantzi edo ehun multzoa. Arropa lan tresna, babesa, praktikotasuna, garaiko kanon-en isla, familien arteko emozio eta oroitzapenen biltegia ere izan ohi da. Ehun horietako bakoitza sortzeko erabili diren ehundaka harietatik tira eginez, eta tomate landarea zutik mantentzeko zintak lotuaz: guk ere halaxe nahi dugu. Gure baserri auzoetako ehundaka emakumeren memorien harietatik tira egin eta etorkizunerako bizitza jasangarriak eusteko zintak lotu. Iragana, oraina eta etorkizuna, memoria kolektiboan oinarrituta alegia”.
Bekadunen hitzetan proiektuaren amaierako emaitza “ez-ohiko objektu-liburu artistiko bat eta herri-erakusketa bat izango dira, iraganeko jakinduria gaur egungo kontsumo eta jasangarritasun ereduekin elkarrizketan jartzeko.
Arte modernoan, objektu-liburua bere horretan artefaktu fisiko eta bisual bat da, non edukia (testua) eta ontzia (liburuaren egitura materiala) banaezinak diren. Liburu honek ez du irakurketa lineal bat soilik proposatuko. Formatu tradizionaletik at, orrialdeak pasatzea esperientzia haptiko (taktil) eta sentsorial bat izango da. Emakumeen testigantzak, testu poetikoak, argazki historikoak eta elementu materialak (ehunak) elkarlanean arituko dira, Aretxabaletako baserrietako memoriaren geruzak irudikatzeko. Liburu-objektu baten irakurketa ez da begietara mugatzen; ekintza performatibo bat da. Irakurleak ez ditu orrialde arruntak soilik “pasatzen”, liburuarekin fisikoki harreman bat eraikitzen du”.
Bekadunek 12 hilabete dituzte proiektua gauzatzeko eta proiektua euskaraz garatu beharko dute.
