Sei upategik parte hartuko dute Txakolin Egunean

2023/05/18
Maiatzaren 27an izango da ospakizuna Mitarte kalean, 12.30etik 14.30era. Lekunberri eta Legazpiko erraldoi eta buruhandien konpartsek kolorez jantziko dituzte kaleak.

Txakolin Eguna maiatzaren 27an ospatuko da. Mitarte kalean, 12:30etik 14:30era, Getariako Txakolina jatorri deitura duten sei upategitako ardoak dastatzeko aukera egongo da: Basa Lore, Blai, Hika, Hiruzta, Rezabal eta Sagarmiña.

Bost euro ordainduta bost tiket jasoko dira trukean, kopa bat barne. Tiketak saltzen, Senegalen garapenerako lankidetza proiektuak aurrera eramaten dituen Yaakar Elkarteak lagunduko du.

Txakolinaz gain, bertako produktuak erosi eta dastatu ahal izango dira Mendibitzu, Etxezuri eta Zaloña Aurrekoa (hanburgesak) baserrien eta Hankabeltz hestebete dendaren eskutik.

Kaleak alaitzeaz, berriz, Iruñeko Lekunberri eta Legazpiko erraldoi eta buruhandien konpartsak arduratuko dira.