Santakurtzeko obrak azken txanpan sartu dira

2022/11/11
Datorren asteartetik aurrera, lanak Exprex tabernaren eta Otalora kalearen arteko tartera iritsiko dira, baita Kurtzebarri eskola ingurura ere. Ibilgailuen zirkulazioa tuneletik (Arkupeko eraikinaren ondotik) Otalorarantz joango da. 2,6 metro baino gehiagoko altuera duten ibilgailuek ezin izango dute kale horretan zirkulatu.

Santakurtz kaleko Hornidura eta Saneamenduko Plan Bereziaren obrak azken txanpan sartu dira. Datorren asteartetik aurrera (azaroak 15), Sasoi Eraikuntzak enpresako makinek Exprex tabernatik Otalora kalerantz doan tartea hartuko dute, baita Kurtzebarri eskola ingurua ere.

Obren aurrerapen honekin, motordun ibilgailuen trafikoak aldaketa txikiak izango ditu. Horrela, Kurtzebarri eskolaren eraikina igaro ondoren, ibilgailuek Arkupe (Santakurtzeko sarreran) ondoko tunela zeharkatuko dute Otalora kalera joateko. Ibilbide horretan zirkulazioaren noranzkoa beheranzkoa izango da. Tunel horren altuera dela eta, ezin izango dute 2,6 metro baino gehiagoko altuera duten ibilgailuek zirkulatu (dagokion seinaleak jarri dira).

Exprex tabernaren aurrean dauden edukiontziak Santakurtz kaleko 7. eta 8. zenbakien arteko gunera aldi baterako mugituko dira; hau da, dagoeneko urbanizatuta dagoen eremura.

Beraz, datorren asteartean emango zaie hasiera Santakurtz kalearen berrurbanizazioari amaiera emango dioten azken bi faseei. Lurpeko azpiegitura sareak nola banatuta dauden ikusita, obra-zuzendaritzak laugarren eta bosgarren faseak aldi berean gauzatzea erabaki du. Gaur egun lanean dihartuten zatia, bestalde, azaroaren amaierarako bukatuko da, eta, une horretatik aurrera, bizilagunek ibilgailuak Iparragirre (iparraldea) eta Sarasate (hegoaldea) artean aparkatu ahal izango dituzte. Gune horretara Amets tabernako kaletik sartuko dira.

Esku-hartze eremuak Kurtzebarri eskolako eraikinaren amaieratik herriko sarreran dagoen biribilgune berriraino hartzen du, baita Santakurtz ondoko kaleak ere. Udalak Sasoi Eraikuntzak enpresari esleitu zion obra, 2.042.500 euroan.

Hornidura eta saneamendu sareak ordezkatzea eta kalea berriz urbanizatzea dira proiektuaren oinarria.