Porrotx eta Marimotots pailazoek Aretxabaletako haurrei oparituko dieten zuhaitza hilaren 28an landatuko da

2022/01/20
Intxaurrondoen bi kimu trenbide zaharrean landatuko dira dolu puntu gisa. Ekitaldian musika eskolako dantzariek parte hartuko dute eta Lekaixoka Bertso Eskolak idatzitako bertsoa ere abestuko dute.

Urtarrilaren 28an bi intxaurrondo landatuko dira trenbide zaharraren berdegunean (bidegorriaren ondoan, Santakurtz kalearen atzealdean), "maite ditugun gertukoak, haien bizipenak eta balioak omentzeko eta gogoratzeko". Ekitaldia 17:30ean hasiko da, musika eskolak eta Lekaixoka bertso eskolak lagunduta.

Porrotx eta Marimotots pailazoek gaur eta bihar Arkupeko Zaraia aretoan eskainiko duten Amaren intxaurrak ikuskizunaren barruan konkatzen da ekimen hau. Amaren heriotzak neskatxo baten minean jartzen du fokua muntaia honek. Dolua jasatzeko intxaurrondo bat landatzea erabakitzen du, eta horrela bere ama gogoratuko du zuhaitzak fruituak ematen dituen bakoitzean.

Bi egunetako 18:30etako saioetan Porrotxek eta Marimototsek intxaurrondo kimu bi oparituko dizkiete haur aretxabaletarrei. Algara ludotekako hezitzaileek jasoko dituzte euren izenean.

Pailazo ezagunek aurkeztutako ikuskizunaren helburua txikienekin heriotzaren gaia lantzea da. Lan hau osatzeko zuhaitz bat landatuko da, bizitzaren eta heriotzaren sinbolo gisa. Aretxabaletako Udalak bat egin du ekimenarekin.

Horrela, haurrak izango dira protagonista hilaren 28an egingo den ekitaldian. Bertan, musika eskolako dantzariek agurra dantzatzeaz gain, bertso eskolakoek egindako bertso bat ere abestuko dute. Amaitzeko, bertaratutakoek Amaren intxaurrak ikuskizunaren abesti bat dantzatuko dute.