Plaka bat jarriko dute Leintz Bailara Nafarroako Erresumaren parte zela gogorarazteko, eta egun berean, “Gipuzkoaren historia nafarra” hitzaldia izango da Zaraia aretoan.
Ostiralean, hilaren 20an, plaka bat jarriko da Aretxabaletako plaza azpian, Gaztelako konkistaren aurretik Leintz Bailara Aitzorrotzeko tenentziaren barruan zegoela, hau da, Nafarroako Erresumaren parte zela gogoan izateko. 18:15etan izango da Plaza azpian, plaka jarriko den tokian ekitaldia eta ondoren, Zaraia aretoan jarraituko du hitzaldiak.
Plakak honakoa dio: “Gaztelako konkistaren aurretik, Leintz Bailara, Aitzorrotz tenentziaren barruan, NAFARROAKO ERRESUMAREN PARTE ZEN.”
Egun berean, arratsaldean, 18:30etan Zaraia aretoan, Aitzol Altunak “Gipuzkoaren historia nafarra” hitzaldia emango du. Gaur egungo Gipuzkoa osatu zuen ibilbide historiko luze eta korapilatsua azalduko du. Askotan, gaurko “Gipuzkoa” betidanik hala izan balitz bezala aipatzen da. Aldiz, oraingo errealitate hori ibilbide historiko luze eta korapilatsu baten ondorioa da. Bide horretan, ugariak izan dira parte hartu duten eta aipatzen zaizkigun eragileak. Baina kontatzen zaigun kontakizun horretan, gutxiesten ohi da bertoko euskal erakunde politiko askeen rola, eta hori da, hain zuzen ere, hitzaldi honekin nabarmendu nahi dena.
Gerora Ipuscoa eta Gipuzkoakoak izango ziren lurrak, erromatar inperioaren ostean, Baskoniako dukerriaren barruan egon ziren. Orreagako bi guduen (778, 824) ondorioz, Iruñea-Nafarroako erresuma jaio zen, Baskoniak jasan zituen frankoen erasoen aurrean. Iruñeko Erresumaren eskualde bezala aipatzen da lehenengo aldiz “Ipuscoa” 1025ean, Antso III. Nagusiaren garaiko idatzi batean. Gaztelarrek 1200ean bortzaz konkistatu bazuten ere, Nafarroako Karlos II. erregeak 1368 eta 1373 bitartean berriro askatu zuen. Harreman historiko hau islatzeko, duela gutxi arte Eneko Aritza Nafarroako lehen errege baskoiaren irudia gorde du bere armarriak.
Bi ekimenen hauen bidez, bailararen eta lurraldearen historia ezagutzera eman nahi da.
