Pintxo ibilbidea eta azoka izango dira nagusi Aretxabaletako tomateari eskainitako astean

2022/09/07
Sei ostalaritza-establezimenduk aretxabaletar barietatearekin egindako pintxoak eskainiko dituzte bihartik igandera arte. Igandean Durana kalean ospatuko den azokak hamabost ekoizle inguru bilduko ditu. Tomate itsusiena eta barietate handiena duen postua sarituko dira.

Aretxabaletako tomatea izango da protagonista bihartik igandera bitartean. Sei ostalaritza-establezimenduk parte hartuko dute baratzeko harribitxi honi eskainitako egitarauari hasiera emango dion pintxo ibilbidean. Igandean azokak hamabost bat ekoizle bilduko ditu.

Aretxabaletako larrosa barietatea ardatz duen astearen seigarren edizioa gaur aurkeztu dute Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak, Deba Garaia Landa Garapenerako Elkarteko eta Debagoieneko Mankomunitateko Turismo arloko teknikari diren Agurtzane Diazek eta Maider Etxaidek, hurrenez hurren.

Ainhoa Caberok azaldu duenez, ekimen honek Aretxabaletako tomatea sustatzeko balio du; “gure herriaren enbaxadore izan daitekeen produktua”. Caberok barietate horrek “herriari ere izena” eman diola nabarmendu du,  bigarren urtez jarraian Kantabriako Santa Cruz de Bezana herrian ospatutako azokan David Agirreren aleek Espainiako Tomate Onenaren saria lortu ondoren. Agirreren tomateek Torrelavegan ospatutako lehiaketan kategoria nazionaleko bigarren saria ere irabazi zuten.

Ibilbidea taberna-jatetxeetan

Sei izango dira bihartik igandera bitartean Aretxabaletako larrosa barietatearekin egindako pintxoak eskainiko dituzten ostalaritza-establezimenduak. Gutizi hauek ondorengo tabernetan dastatu ahal izango dira:

  • Exprex (tomate marmelada, foie mousse-a eta arto zatituarekin).
  • Gurea (Aretxabaleta tomate-tosta gazta urdinarekin, gatz-ezkatak, guakamole min, antxoila eta intxaur-txiriniak).
  • Dagda (patata gozoaren krema alioli ukituarekin, Aretxabaleta tomatez eta urdaiazpiko iberikoaren txirbilez lagundua).
  • Taberna Berri (Ganba-brotxeta, ahuakate ozpina eta Aretxabaleta tomatearekin).
  • Iosu harategia (Tomate, gazta eta albaka quichea).
  • Mugi (Ogi txigortu aliolia, urdaiazpiko puska, Aretxabaleta tomate eta antxoarekin).

Askotariko eskaintza

Azokak Durana kalea hartuko du igande goizean. Hamabost bat ekoizle eta baserritarrek, gehienak Debagoiena eskualdekoak, askotariko produktuak jarriko dituzte salgai: barazkiak, frutak, gazta, haragi ekologikoa, zukuak, eztia, glutenik gabeko gozogintza, euskal pastela…

Marc Badal adituak Haziak atera denon artean. Hazilana tailerra ere gidatuko du (12.00etan). Honekin batera, tomaterik itsusiena eta barietate handiena eskaintzen duen postua sarituko duten lehiaketak antolatuko dira.

Lehiaketen oinarriak

-  Debagoieneko edonork har dezake parte.

- Parte hartzeko aurrez izena eman behar da irailaren 8a baino lehen, emailez (infoturismo@debagoiena.eus) edo Arkupen.

- Irailaren 11an tomateak 12:00etan aurkeztuko dira Durana kalean jarrita egongo den txokoan.

- Tomateak 12:00etatik 14:00etara ikusgai egongo dira. Sari banaketa 14:00etan egingo da.