Pintaden inguruan oposizioak ateratako oharrari lotuta gobernu-taldeak zenbait argibide eman nahi ditu.
Lehenik eta behin, argitu nahi dugu udal-jabetzakoak ez diren fatxadak pribatuak direla eta, haien mantentze-lanak (pintadak kentzea barne) ez dagozkiola udalari, mezu iraingarriak agertzen diren kasuetan izan ezik.
Hori dela eta, aspalditik ari gara herria pintadaz garbiago mantentzeko bide eraginkorragoak aztertzen. Fatxaden jabeei dirulaguntzak emateko aukera baztertu zen, horrek jabeentzat ekarriko lukeen zama burokratikoagatik. Ondorioz, udalak herriaren txukuntasuna mantentzeko lanean jarraituko du, orain arte egin den moduan.
Bestalde, EAJk bazekien —batzordeetan eta osoko bilkuran emandako informazioaren bidez— gobernu-taldeak datozen asteetan pintadak kentzeko kanpaina bat abiarazteko asmoa duela, 25.000 euroko aurrekontuarekin. Gobernu honen konpromisoa irmoa da, eta datuek argi erakusten dute: 2015-2023 bitarteko bi legealdietan (8 urtean) 21.520 euro gastatu ziren pintadak kentzeko; legealdi honetan, berriz, hiru urtetan, dagoeneko 17.657 euro gastatu dira. Horri orain aurreikusitako 25.000 euroko gastua gehitzen badiogu, guztira 42.657 euro izango dira, eta ez da hor amaituko.
Esan bezala, datozen asteetan pintadak kentzeko kanpaina indartsua egingo da, jarraikortasuna eta iraunkortasuna izango duena.
