Nolako atxabaltarrak izan nahi dugu etorkizunean?

2026/03/25
Aretxabaletako Udalak eta UDAk herri sorkuntza prozesu bat abiatuko dute

Aretxabaleta ez da soilik mapa bateko puntu bat; guretzat, bertan bizi garenontzat, munduan egoteko modu bat da. Eguneroko harremanetan, auzolanean eta belaunaldiz belaunaldi transmititu den herri-sentimenduan eraikitzen da gure nortasuna. Baina gaur egungo testuinguru aldakor honetan, ordea, etorkizunari begiratu eta galdera garrantzitsu bati erantzutea ezinbestekoa da: nolako atxabaltarrak izan nahi dugu etorkizunean?

Galdera horri erantzuteko, Aretxabaletako Udalak eta UDAk elkarlanean “Atxabaltar izaera” izeneko herri sorkuntza prozesua abiatuko dute. Azken aldian bi eragileek egindako hausnarketek ondorio argi batera eraman dituzte: herri gisa partekatzen ditugun balioak eta etorkizuneko norabidea elkarrekin definitzeko beharra.

Alde batetik, UDAk bere plan estrategikoan nabarmendu du kirol klub izatetik klub komunitarioa izatera jauzi egiteko nahia. Bestetik, Udalak hezkuntza eragileekin egindako lanketan agerian geratu da herriko balio eta helburu partekatuen inguruan lanketa sakonago bat egiteko beharra. Bi bide horiek puntu berean elkartu dira: nolako herritarrak nahi ditugun eta nolako Aretxabaletako gizartea eraiki nahi dugun definitzea.

Horregatik, bi eragileek elkarrekin bultzatuko dute prozesua, eta herriko elkarte eta eragileei ere gonbidapena luzatuko zaie bertara batu daitezen. Helburua ez da soilik hausnarketa kolektibo bat egitea; prozesutik ateratzen diren balio eta ondorioetatik abiatuta, Udala, UDA eta gehitzen diren elkarteek bide-orri bateratua adostea da, etorkizuneko atxabaltarra irudikatzen duten balio horiek eguneroko jardunean txertatzeko eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko.

Ekimen hau herritik, herriarekin eta herriarentzat sortutakoa izango da. Elkarteez gain, herritar guztiei ere parte hartzeko gonbidapena luzatzen zaie, guztion artean eraikitzeko etorkizuneko Atxabalta.

Lan-saioak hiru egunetan egingo dira, eta guretzat bereziki garrantzitsuak izango dira bertan parte hartuko duten pertsonak:

  • Apirilak 21 – Nortasuna eta balioak aztertzea
  • Maiatzak 5 – Balioak jarrera eta portaera bihurtzea
  • Maiatzak 19 – Ondorioak partekatu eta etorkizuneko bideak zehaztea

Saio guztiak 18:00etatik 19:30era egingo dira, Karmele Igartua aretoan.

Aretxabaleta guztion artean eraikitzen dugun herria da. Egin dezagun elkarrekin etorkizunerako pausoa.

Interesatuek izena emateko bidea:

  • Telefonoz: 943 711862 (Astelehenetik ostiralera 9:00-15:00)
  • Emailez: partehartu@aretxabaleta.eus
  • Aretxabaletaklik aplikazioan, ekitaldian izena emanez.