Nerabe eta gazteen artean ematen den indarkeria matxistaren aurkako protokoloa zehaztu du Udalak

2021/10/21
Aurkezpena urriaren 27an egingo da Arkupeko Zaraia aretoan. Nerabeekin lan egiten duten profesionalei zuzenduta dago bereziki, eta hiru atal nagusi ditu: prebentzioa eta sentsibilizazioa; detekzioa; eta arreta eta jarraipena.

Nerabeekin lan egiten duten hezitzaile eta profesionalek zenbait momentutan tresnak behar izan dituzte nerabeen artean egunerokotasunean ematen diren indarkeria matxistei aurre egiteko. Behar horri erantzuna emateko xedearekin sortu da protokolo hau.

Protokoloa Hiruki Larroxa elkartearen gidaritzapean sortu da, eta ondorengo eragileek hartu dute parte prozesuan: Aretxabaletako Udaleko Gazteria sailak, Berdintasun sailak, gaztelekuko hezitzaileek, kale hezitzaileek eta UDA kirol elkarteak.

Protokoloak nerabeen arteko indarkeria matxista kasuak detektatzeko jarraibide argiak emateaz gain, berebiziko garrantzia ematen dio indarkeria matxista egoerak ekiditeko prebentzioari.

Nerabeekin lan egiten duten profesionalei zuzenduta dago bereziki, eta hiru atal nagusi ditu: batetik, prebentzioa eta sentsibilizazioa; bestetik, detekzioa; eta azkenik, arreta eta jarraipena. Nerabeekin lan egiten duten profesionalentzako tresna bat da, eta bertan, jarraibideak eskaintzen dira indarkeria matxista egoera desberdinak identifikatu eta erantzuna emateko. Lehen aipatu bezala, prebentzioari eta sentsibilizazioari garrantzi handia ematen zaio, eta hori izango da Udalaren eta protokoloan parte hartu duten eragileen artean nagusiki landuko den atala.

Hau guztia, prozesuan parte hartu duten eragileentzat ez ezik, nerabeekin lan egiten duten talde, federazio edo elkarte guztientzat ere baliagarria izan daiteke. Horregatik, Udalak herriko eragile desberdinei aurkeztu nahi die Aretxabaletako nerabe eta gazteen artean ematen den indarkeria matxistaren aurkako protokoloa, “denok batera eta norabide berean lan egin dezagun indarkeria matxistaren aurka”. Ekitaldia datorren asteazkenean, urriak 27, izango da Arkupeko Zaraia aretoan, 18:00etan hasita.