Nekazaritza balioan jartzen duten 87 spot aurkeztu dira EUSPOTen hamargarren edizioan

2021/05/14
• ‘NEKAZARITZATIK BIZI NAHI DUGU!’ izenpean, spotak animatu behar izan ditu gazteak eta batez ere emakumeak familia-nekazaritzatik bizi izatera. • Dagoeneko martxan dago publikoak bozkatzeko aukera maiatzaren 17ra arte.

Euskal Herri osotik jasotako 87 spot

Pandemiaren erruz egoera zaila eta berezia bizi dugu esparru guztietan, zailtasun eta oztopo asko daude gauzak antolatu eta parte hartzea bermatzeko. Hala ere, 2021eko edizioan Euspoten parte hartzea itzela izan da: guztira 87 lan aurkeztu dira, iaz baino 36 spot gehiago. Aurkeztutako lanen artean, 52 lan 18 urtetik gorakoek eginak dira, eta 35 spot 18 urtetik beherakoek eginak.

Aurten ere Euskal Herriko leku askotan landu dituzte spotak: Hondarribia, Donostia, Durango, Gasteiz, Urruña, Irun, Bergara, Dima, Bilbo, Eibar, Arrasate, Aramaio, Leitza, Mungia, Etxalar, Mendexa, Azkoitia, Aretxabaleta, Zarautz, Soraluze, Orereta, Doneztebe, Hernani, Idiazabal, Garai, Legazpi, Oñati, Errezil, Sodupe, Barakaldo, Zarautz, Asteasu, Mendaro, Ataun, Etxebarria, Irura, Bermeo, Etxaguen, Leintza Gatzaga, Eskoriatza… Eskerrik asko guztiei, eta zorte on!!

Aurtengo berrikuntzatako bat izan da lanak formatu librean egin ahal izan direla; hau da, spota edozein formatutan grabatu ahal izan da, horizontalean zein bertikalean. Honekin, eta edizio honetako gaiarekin lerrokatuta, nahi izan da publiko gazteagoari erraztasun handiagoak eman eta bide batez gehiago erakartzea.

Aurtengo gaia: “NEKAZARITZATIK BIZI NAHI DUGU!”

Aurtengo spotak gazteak animatu beharko ditu familia-nekazaritzatik bizitzera. Helburua gazteak eta horien artean batez ere emakumeak landa eremura gerturatzea izan da. Spot baten bitartez herritarrak kontzientziatu nahi ditugu bertako familia nekazaritzak ingurumen eta gizartearen jasangarritasunari ematen dion guztia balioan jartzeko eta lehen sektorea indartzeko.

Publikoaren botoa martxan 

Publikoaren boto gehien dituen spotak 500 euro jasoko ditu. Dagoeneko martxan dago botoa emateko aukera maiatzaren 17ra arte. Ekin!

Botoa emateko:  https://euspot.eus/hemen-dituzue-87-spotak-ikusgai/

Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 27an Arkupen

Sei sari banatuko dira.

Sari nagusiak:

  • Spotik onena (1.000 euro).
  • Publikoaren saria (500 euro).
  • Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro).
  • Gazteen saria (14-18 urte) (250 euro).

Sari gehigarriak:

  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro).
  • Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).

Honako hauek dira edizio honetako babesle eta antolatzaileak:

  • HAZI
  • Aretxabaletako Udala
  • Arteman Komunikazioa
  • Mondragon Unibertsitatea
  • Arizmendi Ikastola
  • Bai euskarari
  • Music Library