Musika taldeek entseguei berrekin diete kuartelean

2021/03/24
Udalak eta Kuartela Kultur Elkarteak protokolo bat jarri dute martxan eraikina erabiltzeko. Taldeek txandaka jardungo dute astelehenetik larunbata arte, 10:00etatik 21:00etara.

Entsegu lokalak kuartelean dituzten musika taldeek berriro ekin diote jarduerari Udal eraikin honen erabiltzaileen osasuna bermatzeko, Udalak eta Kuartela Kultur Elkarteak protokolo bat adostu dute, eraikinaren funtzionamendurako eta erabilerako jarraibideak ezartzen dituena, baita taldeek bete behar dituzten betebeharrak ere. 

Euskal Jaurlaritzaren azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuak ezarri zituen murrizketen artean, profesional ez diren musika eta dantza taldeen jarduera debekatu zuen, eta ondorioz, kuartela ixtera behartu zuten. Egoera epidemiologikoaren bilakaerarekin, dekretuak aldatzen joan dira eta aurtengo urtarrilean dantza eta kirol ez profesionalaren praktikari berrekitea ahalbidetu zen. Hala ere, ez zen gauza bera gertatu musikari ez profesionalekin.

“Kuartela Kultur Elkarteko ordezkariekin izan genuen azken bileran berriz ere musika taldeen egoera baloratu genuen. Euren kezkak azaldu zizkiguten, eta bi aldeen artean konpromiso batzuk hartu genituen, egungo egoeran beharrezkoak diren segurtasun neurriak eta arauak jasotzen dituen protokolo bat osatuz”, azaldu du Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak.

Caberok zehaztu duenez, kuartelak funtzionamendu “antolatua eta ordenatua” izango du erabiltzaileen aldetik, “aldi berean lokalak erabil ez ditzaten saihesteko”. “Azken dekretuan aurreko muga gehienak kendu zirela kontuan hartuta, musika taldeen eskaerei erantzun bat ematen saiatu gara, bertako artistek eta musikariek euren jarduera garatu ahal izan dezaten”, gaineratu du Kultura zinegotziak.

Protokoloa:

  1. Desinfekzio orokor bat egingo da erabiltzen hasi baino lehen.
  2. Lokalen aireztapena bermatuko da; ahal den heinean leiho eta ateak zabalik mantenduko dira airearen zirkulazioa areagotzeko. Gutxienez, orduro, 10 minutuz aireztatuko da gela.
  3. Lokal bakoitza entsegu guztien ondoren desinfektatuko da.
  4. Komunen desinfekzioa egingo da erabilera bakoitzaren ostean.
  5. Solairu bakoitzean hidrogel eta biruzida bana egongo da.
  6. Txandakako antolaketa bat prestatuko da, pasillo bakoitzean aldiro lokal bakarra okupatuz.
  7. Gela bakoitzaren edukiera lau pertsonakoa izango da gehienez, eta dantza geletan zortzi lagun egon daitezke aldi berean.
  8. Maskararen erabilera derrigorrezkoa da momentu oro, salbuespen bakarra aire instrumentuen entsegua izango da. Kasu honetan, gutxieneko distantzia (bi metro) eta aireztapena bermatu beharko da.
  9. Ordutegia mugatua izango da: 10:00etatik 21:00tara, astelehenetik larunbata arte.

Gaur egun hogeita hamar bat taldek -ehun bat lagunek- erabiltzen dute eraikin hau (musika taldeak, dantza, serigrafia, larrua…).