MUGIKORTASUN PLANAREN INGURUKO KONTSULTA

2025/07/17
Mugikortasun Plan berria aztergai, uztailaren 30era arte.

Herriko mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzea helburu, Aretxabaletako Udalak apirilean “Atxabaltan, kaleak denONAK” prozesua jarri zuen martxan. Hilabete guzti hauetan zehar, herrian mugikortasun eta irisgarritasunaren inguruko beharrak antzemateko hiru saio burutu dira. Hona hemen zehaztapenak:

  1. Herriko sektore desberdinekin talde elkarrizketak eraman dira aurrera.
  2. Herritarrekin lehen parte hartze saio irekia egin da beharrak detektatzeko.
  3. Aurreko bi saioetan identifikatutako beharretatik, galdetegi honetan ikusiko diren proposamen zehatzak diseinatzeko hirugarren saio bat egin da ekainean.

Orain, Udalak galdetegi digital bat zabaldu du, herritarrek egindako ekarpenekin diseinatutako proposamenaren inguruan duten adostasun maila ezagutzeko. Galdetegi hau uztailaren 30era arte egongo da zabalik.

Gogoratu proiektu honen bitartez, Aretxabaletako Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Plana (HMIP) zehaztuko dela, 2026-2033 epean gauzatuko diren jarduketak zehaztuko dituena.

Proiektuaren oinarrian hiru ardatz nagusi daude:

  • Segurtasuna: Istripuak saihesteko eta ingurune seguruagoak sortzeko, bereziki oinezko, bizikleta erabiltzaile, haur eta adinekoentzat.
  • Irisgarritasuna: Mugikortasun urriko pertsonez gain, ikusmen, entzumen edo desgaitasun kognitiboa dutenentzat ere kaleak errazagoak izatea.
  • Osasuna: Kutsadura murriztea eta joan-etorri aktiboak (oinez, patinetez, bizikletaz) sustatzea.

Proiektuak aniztasuna, autonomia, eguneroko bizimodua eta zaintzak ere hartuko ditu kontuan, herritar guztien beharrak erdigunean jarriz.

Animatu “Atxabaltan, kaleak denONAK” galdetegia erantzutera. Ez dugu hirigintzan edo mugikortasunean "aditurik" behar; Aretxabaletako bizilagunen esperientzia eta ikuspegia baizik. Zure iritzia ezinbestekoa da. Zenbat eta parte-hartze zabalagoa izan, orduan eta aberatsagoa izango da plana.

Egin zure ekarpena eta bete galdetegia edo eskaneatu QR kodea gaur bertan.