Mugikortasun eta Irisgarritasun plana. Kaleak denONAK!

2026/03/13

Udalak iaz jarri zuen martxan Aretxabaletako mugikortasun eta irisgarritasun planak idazteko prozesua. Bi planak aldi berean lantzearen helburua izan da biak koordinatzea eta elkarren artean lotzea.

Plan hauen helburua epe ertainera bide-orri zehatz eta egingarri bat proposatzea izan da, atxabaltarren egunerokoa nabarmen hobetzeko. Proposamenak ez dira hutsetik sortu; azken urteotan garatutako jardunbide egokiei jarraipena ematea dute oinarri.

Bi planak osatzeko, funtsezkoak izan dira herritarren ekarpenak eta parte-hartzea, baita azken hilabete eta urteetan jasotako proposamen eta kexen bilduma ere.

Horren guztiaren emaitza izan da hainbat jarduera jasotzen dituen plana, ondoren herritarrekin kontrastatu dena inkesta publiko baten bidez. 

PLANEN IRIZPIDEAK

Mugitzeko dugun moduan eragiteko ditugun mugak kontuan hartuta, helburua izan da Aretxabaleta nabarmen hobetzea pertsonen segurtasunaren, funtzionaltasunaren eta bizikalitatearen ikuspegitik.

Planak mugikortasunean hierarkia bat ezartzen du, oinezkoak erdigunean jarrita eta haientzako espazioak zabalduz. Horretarako, ibilbide-orri argi bat planteatzen da: oinezkoentzako espazioak handitzea eta ibilgailu pribatuaren espazioa berrantolatzea. Helburua da segurtasuna handitzea eta aparkaleku kopurua mantentzea.

Bi planek beste printzipio garrantzitsu bat ere badute: proposatutako ekintza askok bi fase izango dituzte. Lehenengo fasean neurriak probatu egingo dira, nahi den emaitza ematen duten ikusteko. Behin baloratuta eta beharrezko doikuntzak eginda, behin betiko jarduketa egingo da.

Uste dugu ez dela beti lehenengoan asmatzen, eta gauzak ondo funtzionatzea nahi dugu

PARTE-HARTZE PROZESUA

2025ean zehar parte-hartze prozesu bat garatu da, hainbat fasetan.

Lehenengo fasean informazioa bildu eta udaleko ordezkari tekniko eta politikoekin lan egin zen. Bigarren fasean ideiak biltzeko dinamika egin zen, hainbat eragilerekin banaka lan eginez: erretiratuak, merkatariak, gurasoak eta kirol taldeak. Horrez gain, herritar guztiei irekita zegoen deialdi bat ere egin zen.

Azpimarratzekoa da Almen eta Kurtzebarriko DBHko ikasle guztiek eta Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleek ere parte hartu zutela, haientzat bereziki prestatutako dinamika baten bidez.

Prozesuaren azken fasean herritarrekin bilera irekiak egin ziren, proposamen zehatzak aurkezteko, eta internet bidezko inkesta ireki bat jarri zen martxan.

Inkesta luzea zen eta denbora eskatzen zuen, baina 250 pertsonak parte hartu zuten. Datu hori bereziki azpimarratu nahi dugu, baita jasotako ekarpen kopuru handia eta proposamen bakoitzari emandako feedbacka ere. 

JARDUERA-PLANA

Bi planetan jasotako jarduerak elkar osatzen eta gainjartzen dira, proposatutako ekintzei koherentzia emanez. Horien artean, garrantzitsuen edo esanguratsuenen zerrenda nabarmendu nahi dugu:

Oinezkoak

  • Ilargi plaza/Gurea tabernaren atzealdea: berrurbanizazioa, espazio bakarra eta plataforma bateratua.
  • Iturrizarreko igogailua.
  • Geltoki plaza: zebra-bideak eta Basabeazpi-Iralabarri-Azbe bidegurutzea. 
  • GSR eta Bedarreta auzoa: ibilbide irisgarri, eroso eta segurua (hasita).
  • Araba 34/42 ibilbidea: espaloien jarraitutasuna, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea.
  • ALE / Ederlan bidegurutzea: oinezkoen segurtasuna hobetzea.
  • Durana: irisgarritasuna hobetzea (proiektua 2028tik aurrera gauzatzeko).
  • Laboral / Lausitta: oinezkoentzako espazioa eta segurtasuna.
  • Bizkaia-Gorbeia-Aralar-Zaraia: oinezkoentzako ibilbide seguruak
  • Loramendi 3/9 atzealdea: irisgarritasuna eta espazioaren antolaketa hobetzea.
  • Zebra-bideak
    • Txarapea: abiadura murriztea segurtasuna handitzeko.
    • Bañuetxe industrialdea gurutzatzea: segurtasuna hobetzea.

Bizikletak

  • Basabe industrialdeko bidegorria amaitzea (COPRECIren ondoan).
  • Urkuluko buelta antolatzea.
  • Bizikletentzako ibilbideak margotzea.

Garraio publikoa

  • Autobus-geltokiak hobetzea.

Garraio pribatua

  • Araba ibilbidea: abiadura murriztu, segurtasuna handitu eta oinezkoentzako espazio gehiago sortu.
  • Errekabarren (Belorrieta auzoan): zentzu bakarra ezarri Pausokaren aurrean segurtasuna handitzeko, eta aparkaleku berriak galerak konpentsatzeko.
  • 1B sektorea (Lausitta): aparkaleku berriak (100 plaza) eta bidegorria Santutxura arte.

Gobernu taldearen helburua aipatutako ia ekintza gehienak garatzea da. Horietako batzuk behin betiko fasean egingo dira, eta beste batzuk proba fasean. 

Basabeazpi-Iralabarri-Azbe bidegurutzea

Araba ibilbidearen bukaera

Labora/Lausitta

Bedarretako bidegurutzea