Merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuen sektorean kaleko hizkuntza paisaia euskaratzeko boluntarioak behar dira
Bertan, besteak beste, partaideen kezka nagusienetakoa izan zen merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuen alorrean euskarak gero eta presentzia urriagoa duela.
Behin prozesua amaituta, Herriko Euskararen Mahaia (HEM) osatu dute Aretxabaletako Udalak, Loramendi Euskara Elkarteak eta lanketa hartan parte hartu zuten zenbait herritarrek.
Mahai horren abiapuntua izango da merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen arloari astindua ematea, eta herriko hizkuntza paisaian eta ohituretan eragitea. Horretarako, denda, taberna eta abarretako jendaurreko testuak euskaraz idazten lagunduko duten BOLUNTARIO sarea osatu nahi da.
Proiektu honek bi partaide mota izango ditu: batetik, euskararen erabilera indartzea nahi duten merkatariak eta ostalariak; eta, bestetik, helburu hori lortzen laguntzeko prest dauden herritarrak.
Egitasmoaren berri izan edo parte hartu nahi dutenek, urriaren 16an, 17:00etan, hitzordua izango dute Karmele Igartua aretoan.
PROIEKTUKO PARTAIDEAK ETA EGITEKOAK
Interesa duten dendari eta ostalari guztiek izango dute aukera egitasmoan parte hartzeko. Hartuko duten konpromiso nagusia izango da, boluntarioaren laguntzaz, euren establezimenduko hizkuntza paisaia (errotuluak, menuak, eskaintzak…) euskaraz edo euskarari lehentasuna emanez jartzea.
Proiektu honek dendari eta ostalariei hainbat onura ekarriko dizkie. Besteak beste, bezeroei zerbitzu hobea eskaintzea, euren aldeko balorazio positiboa jasotzea,…
Boluntarioei dagokienez, euskaraz idazteko gaitasuna duen edozeinek hartu ahal izango du parte eginkizun honetan. Boluntarioaren egitekoa izango da negozioaren jabeari hizkuntza paisaia euskaratzen edo euskaraz idazten laguntzea. Honek guztiak boluntarioei ere ekarriko die onurarik; batetik, euskararen aldeko ekarpena egin eta hizkuntzaren normalizazioan eragile aktiboa izatea, eta bestetik, euskaraz bizitzeko aukerak ugaritzen laguntzea.