'Mendian hil, hirian hil' dokumentalaren lau saio eskainiko ditu Arkupek otsailean

2021/01/30

. Iñaki Peñak zuzendutako lanak bizitzaren eta heriotzaren arteko hari finetik egiten du bidea, eta ikusleari oroitzapenaren eta itxaropenaren aldeko mezua helarazten dio
. Datorren hileko egitaraua 4an hasiko da Korrontzi eta Xabier Amurizaren 'Koplariak' ikuskizunarekin

Mendian hil, hirian hil dokumentala Arkupeko pantaila handian proiektatuko da otsaileko lau ostiraletan. Iñaki Peñak zuzendutako azken lanak doluari buruzko trilogia borobiltzen du. Bizitzaren eta heriotzaren arteko hari finetik egiten du bidea, eta ikusleari oroitzapenaren eta itxaropenaren aldeko mezua helarazten dio.

Arteman Komunikazioak ekoiztutako ikus-entzunezkoa estilo garbi eta oso zuzenean garatzen da. Heriotzari buruzko solasaldia da; mendia kalearekin konektatzen duena, eta kalea mendiarekin. Hala, Mikel Crespo (2017ko udan hil zen Pirinioetan), Xabier Ormazabal (2014an hil zen Cho Oyuren jaitsieran) eta Beñat Arrue (2001ean hil zen Pumorin, elur-jausi handi batean) senideen testigantzak jaso ditu dokumentalak, besteak beste. Era zainduan landu du gaia, emoziotik gertu eta morbotik urrunduz.

Lau saio eskainiko dira, 19:00etatik aurrera, eta sarrerak hiru euroren truke eskuratu ahal izango dira.

Mendian hil, hirian hil dokumentala izango da udal Kultura sailak datorren hilerako antolatu duen egitarauaren protagonista. Baina hitzordu gehiago egongo dira. Horrela, otsailaren 4an Korrontzi folk taldeak Koplariak lan berria aurkeztuko du, Xabier Amuriza bertsolari, idazle eta ikertzailearekin izandako elkarlanaren emaitza diren hamar kantuz osatua.

Musikarekin ere lotuta, Hezurbeltzak proiektuak ibilbide oso pertsonala duten hiru artista ezagun bilduko ditu otsailaren 11n Arkupek jasoko duen Poblado Tour izenburuko ikuskizunak: Jon Maia abeslari eta bertsolaria, Gorka Hermosa soinujolea eta Pitti gitarrista. Etorkinei, behartsuenei eta baztertuei omenaldi txiki bat da, poesia, kritika, umorea eta edertasuna uztartzen dituzten doinu eta testuekin egindakoa.

Haurrei zuzenduta, otsailaren 7an Potxin eta Patxin pailazoek Ingurumena zaindu ikuskizun didaktikoa eskainiko dute Zaraia aretoan. Horrez gain, otsailaren 28an Behi Bi's antzerki konpainiak Trabajos de interior antzezlana taularatuko du.

Bestalde, Caritasen eskutik, Zu bezalako norbait erakusketa izango da ikusgai Arkupen.

Egitaraua:
- Otsailaren 4an: Korrontzi eta Xabier Amurizaren 'Koplariak'. 19:00etan (lau euro).
- Otsailaren 5, 12, 19 eta 26an: 'Mendian hil, hirian hil. 19.00etan (hiru euro).
- Otsailaren 7an: Potxin eta Patxinek 'Ingurumena zaindu' ikuskizuna eskainiko dute. 17:00etan (hiru euro).
- Otsailaren 11n: Hezurbeltzak taldeak 'Poblado Tour' aurkeztuko du. 19:00etan (lau euro).
- Otsailaren 28an: Behi 's bis konpainiaren' Trabajos de interior’ antzezlana. 19:00etan (lau euro).
- Otsailaren 5etik 28ra: Caritas-en eskutik, ‘Zu bezalako norbait’ erakusketa.

* Ikuskizun guztietarako sarrerak otsailaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.