Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala

2026/03/06
“Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna”

Martxoaren 8a, orain arte lortutakoa ospatzeko eguna izatetik harago, honaino iristeko borroka egin duten Mugimendu Feministaren eta norbanakoen lana aitortzeko eta aurrera begirako erronkak mahai gainean jartzeko eguna da. Antolakuntzaren bidez eta interpelazioak eginez, jendarte guztia eskubideen aldeko borrokan inplikatzeko gaitasuna izan du mugimendu feministak, eta ezinbestekoa da eragin horretaz mintzatzea.

Aretxabaletako Udalari dagokion ardura hartzetik aurkezten dugu adierazpen hau.

Azken urteotan kezkaz bizi dugu nola ari den hazten diskurtso bat emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun estrukturala ukatzen duena, indarkeria matxista zalantzan jartzen duena eta feminismoa mehatxu bat balitz bezala gutxiesten duena. Diskurtso horiek feminismoaren oinarrizko konkistak zalantzan jarri, nahasmendua sortu eta indarkeria matxistaren existentzia deslegitimatu nahi dute. Nola ukatu daiteke, ordea, desberdintasun estrukturala, oraindik ere, soldata arrakala, sektore feminizatuen prekarizazioa edo erailketa matxistak pairatzen ditugunean?

Berdintasunaren defentsa ez da aukera bat, giza eskubide unibertsala da, aitortua eta babestua. Azken hamarkadetan kolektiboki borrokatuz eta lan eginez lortu duten eskubidea da. Emakumeek, mugimendu feministak, erakundeek eta pertsona aliatuek, batez ere, diskriminazioa desagerrarazteko, askatasunak zabaltzeko eta guztientzako aukerak bermatzeko.

Berdintasunean hezten duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea aldarrikatzen dugu; baita indarkeria matxistaren biktimak eta bizirik atera direnak aintzat hartzen, laguntzen eta entzuten dituena ere. Izan ere, ozen eta garbi esaten dugu berdintasunik gabe ez dagoela erabateko demokraziarik, eta indarkeria matxista desagerrarazi gabe, ez dagoela guztiontzako askatasunik.

Martxoaren 8an, euskal udalek dei egiten diegu herritar guztiei eta erakunde guztiei batuta eta elkartuta irmo egon gaitezen lortutako eskubideak defendatzeko eta, atzera pausurik gabe, berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egiten jarraitzeko.

Aretxabaletako Udalak Berdintasun politikak egonkortzen jarraitu nahi du, eta Aretxabaleta berdinzalegoa eraikitzeko, konpromiso hauek hartzen ditu:

  • Gure udalerrian diskurtso misogino eta antifeministei aurre egiten eta informazio faltsuen hedapena desaktibatzen laguntzea.
  • Udaleko Berdintasun saila giza baliabide egonkorrez ez ezik, Berdintasun zein barne Planean jasotako ekintzak gauzatzeko beharrezko baliabide ekonomikoz hornitzea.
  • Aretxabaletako emakume eta gizonen III. Berdintasunerako Plana martxan jartzea.
  • Ireki berri dugun TRIL Atxabaltako Txoko Feminista indartzea eta erreferentziazko espazio bilakatzea.
  • Mugimendu feministarekin eta emakumeen mugimenduekin lankidetza sustatzea.
  • Gizonak berdintasunaren aldeko borrokan agente aktibo gisa inplikatzea.

Dei egiten diegu herritarrei bat egin dezaten Martxoak 8a aldarrikatzeko antolatzen diren deialdi eta aldarrikapenekin. Herriko mugimendu feministak deitutako mobilizaziora hurbiltzera animatzen zaituztegu (martxoaren 8an, 19:00etan, Aretxabaletako plazatik hasita)