Maiatzetik aurrera eman ahalko da izena Leintz Bailarako Ekiola Kooperatiban

2022/04/12
Proiektua azaltzeko hitzaldia egingo dute Aretxabaletan maiatzaren 10ean. Interesa duten herritarrek aurretiko izen-ematea egiteko aukera izango dute orduan. Kontsumo eredu iraunkorra sustatuz, tokian tokiko energia sortu eta kontsumitzea du helburutzat Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibak. Leintz bailarako 500 familia ingururendako energia berriztagarria sortuko da.

Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibaren fase berria aurkeztu dute proiektua babesten duten eragileek. Leintz bailarak behar duen energia bertan sortzen hastea nahi da kooperatibarekin, eta modu horretan, kanpoko energia iturriekiko mendekotasuna murriztu. Hala, Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak esan du bailarako lau udalek eta Fagorrek apustu garbia egin dutela “berriztagarria, iraunkorra eta bertan sortutakoa” den energiaren alde; hau da, “zero kilometroko energia berdea”. 

Hori horrela izan dadin, Arrasateko Udalarenak diren lurretan plaka fotovoltaikoen eguzki-parke bat jarriko dute; zehazki, Garaia Berrikuntza Guneko lurretan, LKS parean.

Maiatzean zehar, Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan herritarrentzako hitzaldiak egingo dira Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibaren xehetasun guztiak eskaintzeko eta egon daitezkeen zalantzak aurrez aurre argitzeko. Orduan irekiko da aurretiko izen-ematea, eta

izena ematen duten herritarrek lehentasuna izango dute bazkidetza prozesua abiatzen denean. Izan ere, eguzki-parkeak 500 familia ingururi eman ahalko die zerbitzua.

Herritarrak protagonista, erakundeen babesarekin

Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibaren helburua da kooperatibako kide diren pertsonak eta familiak instalazio fotovoltaiko horien jabe izatea, eta horietan kontsumo elektriko osoaren baliokidea den energia-bolumena sortzea.

Hala, herritarrak “aldaketaren parte izatera” gonbidatu ditu Ubarretxenak: “Familiak, herritarrak, dira kooperatibaren protagonistak, baina instituzioen babesa izango dutela berretsi nahi dugu. Proiektu sendoa eta bermeduna da Leintz Bailarako Ekiola Kooperatiba, eta, gainera, energiaren prezio lehiakorra eta egonkorra eskainiko du”.

Ubarretxenaren ostean hartu du hitza Debagoiena 2030 sareko koordinatzaile Elena Herrartek. Kooperatibaren sorrera eskualderako “estrategikoa” dela adierazi du Herrartek, eta azpimarra jarri du administrazio publiko-pribatuaren elkarlanean eta herritarren parte-hartzean: “Garapen komunitarioaren logiketan oinarrituko diren esperientziak bultzatu behar ditugu eskualdean: energia bertan sortu, kontsumitu eta baliabide horien inguruko erabakiak bertan hartuz. Horrek izan behar du etorkizuneko eredu energetikoaren oinarria”.

Fagor Taldeak iraunkortasunarekin eta balio kooperatiboekin duen konpromisoa berretsi du, eta, hain zuzen, horren adierazle dira Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibari egingo dion 335.400 euroko ekarpena eta proiektuan izango duen inplikazioa. Fagor Taldeko Aritz Otxandianok azaldu du Fagor 2030 iraunkortasun estrategian zehazten diren helburuekin bat egiten duela Ekiolak: “Fagorren konpromisoetako bat da, hain justu, gizartearen autoeratzea sustatzea, Garapen Iraunkorrerako Helburuak lortzeko palanka gisa. Horregatik erabaki dugu Ekiolan bazkide laguntzaile moduan parte hartzea, egitasmoari oinarri ekonomiko sendoa emango dion ekarpen ekonomiko esanguratsu bat eginez, eta baita ere Kontseilu Errektorean parte hartuz, kooperatiben administrazio eta kudeaketan daukagun esperientzia Leintz Bailarako Ekiolaren zerbitzura jartzeko. Proiektu honetan parte hartzean, ekarpen berri bat egiten diogu Debagoienari eta komunitateari”.

Bestetik, Ekiolako Hodei Arzakek zehaztu nahi izan du etxean ez dela inolako obra ez aldaketarik egin beharko, eta, energia kontsumoa 24 orduz ziurtatuta izango dutela familia bazkideek: “Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibako bazkideek orain arte bezalaxe energia kontsumo normala ziurtatuta izango dute, nahiz eta Garaiako eguzki-parkean (eguraldiagatik edo bestelako arrazoiengatik) energia sorkuntzan etenak egon. Sortzen den energia sare orokorrera bideratuko da, eta bazkideek kontsumitzen duten energia sare orokorretik hartzen da. Beraz, familiek gaur egun hartzen duten bezala hartuko dute gero ere behar duten energia, sare orokorretik. Ezberdintasuna da kontsumitzen duten energia adina (edo gehiago) bideratuko dutela sarera, energia berriztagarria gainera”.

Azkenik, EEEko Natalia Diaz Arcayak esan du gaurkoa “mugarri garrantzitsua” dela energiaren sorreran eta kudeaketan herritarren parte-hartzea bultzatzeko, eta Kooperatiba Europar Batasuneko politiken ildo beretik doala: “Krean-ek eta Energiaren Euskal Erakundeak Europako politikekin bat datorren irtenbide bat diseinatu dugu, kooperatiben eredua oinarri hartuta eta inguruko biztanleei energia garbia eta kontsumitzeko hurbilekoa sortzeko aukera emanez”.

Herritarrentzako hitzaldiak

Herritarrei aurrez aurreko informazioa eskaintzeko eta izan ditzaketen zalantzak argitzeko hitzaldiak egingo dira Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan. Hitzaldietan azalduko da, besteak beste, zein abantaila dituen Ekiolako bazkide izateak, nola funtzionatzen duen, familia estandar baten faktura nolako izango litzatekeen… Era berean, kooperatibako bazkide izan nahi dutenei, jarraitu beharreko pausoak zeintzuk diren azaldu dizkiete.

  • Arrasaten, maiatzaren 3an, 18:30ean, Amaia Udal Antzokian.
  • Aretxabaletan, maiatzaren 10ean, 18:30ean, Arkupen.
  • Eskoriatzan, maiatzaren 12an, 18:30ean, Antzokian.
  • Leintz Gatzagan, maiatzaren 16an, 18:30ean, Kultur Etxean.

 Hitzaldiak egiteaz gain, informazioa emateko bulego edo arreta-guneak ere irekiko dituzte lau herrietan.

Leintz Bailarako Ekiola Kooperatiba

Ekiolaren baitan kokatzen da Leintz Bailarako Ekiola Kooperatiba. Hain zuzen ere, Ekiola Eusko Jaurlaritzaren baitako EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon taldearen parte den Krean-ek sustatutako proiektua da. Leintzeko kasuan, Arrasateko Udalak eta Fagorrek, gainontzeko eragileekin batera, bailarako errealitatera egokitu dute proiektua. Gainera, Fagorrek eta Arrasateko Udalak bazkide kolaboratzaile figura hartu dute kooperatibari babesa eskainiz.