Maiatzak 17: LGTBI+fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna

2026/05/15
Aretxabaletako Udalak maiatzaren 13an izandako Osoko Bilkuran honako adierazpen instituzionala adostu du maiatzaren 17a, LGTBI+fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta:

“Maiatzaren 17an homofobia, transfobia eta bifobiaren aurkako nazioarteko eguna da. Egun horretan hain zuzen ere, 1990eko maiatzaren 17an, Munduko Osasun Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen nazioarteko sailkapenetik ezabatu zuen. Mugarri gogoangarria da sexu-orientazio eta genero-identitate anitzak onartzen hasteko. Egun hori LGTBIAQ+ pertsonek pairatzen duten diskriminazioa salatzeko eta mundu osoan horien eskubideak aldarrikatzeko eguna da.

Lege-aldaketak eta aurrerapauso sozialak izan diren arren, makina bat LGTBIAQ+ pertsonek oraindik diskriminazioari, estigmatizazioari eta indarkeria egoerei aurre egin behar diete. Azken urteotan Euskadin gorroto-gertakarien bigarren talderik erasotuena izateaz gain, gero eta zabalduago eta normalizatuago daude diskurtso LGTBI+fobikoak, lortutako aurrerapen eta eskubideak zalantzan jartzen dituztenak.

Aretxabaletako Udalak bat egin du LGTBI+fobiaren aurkako nazioarteko eguneko aldarrikapenekin eta diskriminazio- eta indarkeria-adierazpen oro gaitzesten du. Horrez gain, konpromisoa berresten du LGTBIAQ+ pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, eskubideak bermatzeko eta pertsona guztientzako bidezkoagoa, anitzagoa eta bizigarriagoa izango den herria sustatzeko politika publiko eraginkorrak diseinatu eta bultzatzeko.

Horregatik, Aretxabaletako Udalak:

  • Iaz landutako Aretxabaletako LGTBIAQ+ diagnostikoa abiapuntu hartuta, ekintza-plan bat sortu eta gauzatuko du.
  • Udal teknikariak sexu-orientazio eta genero-identitate anitzen gaietan trebatuko ditu.
  • Herriko eragileekin elkarlanean, sexu-orientazio eta genero-identitate anitzak ikustarazteko ekintzak antolatuko ditu.
  • Herrian LGTBIAQ+ pertsonen aurkako indarkeria prebenitu eta indarkeria egoerei aurre egingo die.

Maiatzaren 15ean LGTBIAQ+ pertsonen harrotasunaren aldeko bandera zintzilikatuko da udaletxeko balkoian. Amaitzeko, Aretxabaletako Udalak dei egiten die herritarrei maiatzean eta ekainean antolatutako eta gaiarekin lotura duten ekintzetan modu aktiboan parte har dezaten”.