Maiatzak 17: LGTBI+fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna

2025/05/16

1990eko maiatzaren 17an, Munduko Osasun Erakundeak homosexualitatea Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenetik kendu zuen. Pauso hori oso garrantzitsua izan zen sexu orientazio honen despatologizazioan eta aniztasun afektibo-sexualaren onarpenean.

Baina tamalez oraindik ere LGTBI+ kolektiboko pertsonek indarkeria eta diskriminazio ugari jasaten dituzte. Horregatik, pertsona guztiak errespetatuak izan daitezen, beharrezkoa da gure jendartean bizirik dauden diskriminazio eta indarkerien aurkako borroka sendotzen jarraitzea. Hori da egun honen helburua, LGTBI+ kolektiboko pertsonek jasaten dituzten eskubide urraketak eta indarkeriak salatzea eta pertsona horien eskubideen alde egin beharreko lanarekiko interesa piztea.


Gaur eta beti, Aretxabaletako Udalak bat egiten du LGTBI+fobiaren aurkako nazioarteko eguneko aldarrikapenekin; izan ere, aurrerapausoak eman diren arren, lan asko dago egiteko oraindik. Horregatik, Aretxabaletako Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

  • LGTBI+ kolektiboarentzat itogarria ez den Aretxabaleta eraikitzen jarraitzea.
  • Arau heterosexual sendo eta sustraituak aldatzeko aurrerapausoak ematea.
  • Herrian LGTBI+ kolektiboko pertsonek jasaten dituzten indarkeria egoerei aurre egitea.
  • Herriko eragile ezberdinekin lanean jardutea LGTBI+ kolektiboko eskubideen alde.

Helburu horrekin, 2024an LGTBI+ diagnostikoa jarri zen abian, herriaren errealitatea ezagutu eta identifikatutako beharrei erantzuteko, eta Aretxabaleta guztiontzat herri seguruagoa eta berdinzaleagoa bihurtzeko.

Era berean, Aretxabaletako Udalak dei egiten die herritarrei LGTBI+ bandera duten eskumuturrekoak jar ditzaten, kolektibo horretako pertsonen eskubideen alde daudela adierazteko. Eskumuturreko hau jartzea ez da ekintza soil bat, LGTBI+ kolektiboarekiko konpromiso bat hartzea eta jarrera aktiboa izatea baitakar. Eskumuturrekoak eskuragarri egongo dira maiatzean eta ekainean zehar herriko zenbait gunetan.